Fito Rodriguez
Idazlea
KOLABORAZIOAK

Ispilu berreskuratua

XX. mendearen bukaeran, antipsikiatriaren eraginez eroetxeak ixten hasi zirenean, urteetan ispilurik gabe bizitako gaixoei beren burua islatua berriro ikusteko aukera eman zitzaienean, gehienak, noski, euren irudiari antzemateko ez ziren gauza izan. Denbora behar izan zuen bakoitzak zeuzkan itxura eta aurpegia onartzeko, norbere izaera aitortzeko.

Eta horren antzera, nago, herritar garaikideak ez duela bere burua errepresentaturik ikusten egungo erakunde politikoetan. Izan ere, esan daiteke pairatzen ari garen demokrazia ordezkatzaile hau horren da desitxuraturik eta ustela ezen harekiko desafekzioa inoiz baino handiago dela eta, dagoeneko, eri dela. Zeren eta pentsatzea bizitzaren arlo publikoari dagozkion erabakiak gure ordez hautatutakoek guk nahiko genituzkeen berberak ebatziko dituztela beti errakuntza handia da, inozokeria ez esatearren.

Hala eta guztiz ere, berriro hauteskundeen doinuak astintzen gaituen honetan, ohiko demokraziak dituen balioez nahiz hutsuneez gogoeta egitea ezin da alboratu; premiazkoa dela esango nuke, besteak beste Kant filosofoaren hitzak gogoan: «demokrazia, berez, despotismoaren azalpen bat besterik ez dela» eta haien ondorioak kontuan harturik.

Mendez mende onartutako Teoria Politikoaren ildotik, gobernatzeko era gorenak Errepublika izan du izendapena, ez demokr azia. Frantziako iraultzaileen artean, adibidez, bakar batek defenditu zuen demokrazia ordezkatzailea: Robespierrek 1794an.

Egun, aldiz, demokraziak ematen dio zilegitasuna gobernuen erabakiei, indarraren erabileraren gainetik, baina zer-nolako demokraziaz ari gara hitz egiten agintearen egikaritzeaz ari garenean? Ez ideia huts bati buruz, jakina, gobernu jakin baten praktikez baizik… eta zehazkiago, haiek kontrolatzeko moduez, autogobernuaz, alegia.

John Stuart Millek zioskunez (“On liberty”-1859) «autogobernua ez baita izaten bakoitzak bere burua gobernatzea, besteek nola gobernatzen duten bakoitza kontrolatu ahal izatea baizik». Beraz, demokrazia errealean, «demokratak» izan arren, berezko joera despotikoa daukaten agintarien erabakiei zer-nolako mugak jartzen zaizkien izaten da politikaren kalitatea ematen diguna.

Ez, demokraziak ez du ordezkatzailea soilik izan behar. Aitzitik, horrela bakarrik izatekotan, deliberoak herritarren partez erabaki ohi dira eta politika oro herriaren lepoz garatzen da erabateko despotismoari bidea irekiz (dena egiten omen da herriaren onuragatik, ustez, baina herriak benetan uste duena aintzakotzat hartu gabe).

Honezkero, aipatu bide ustelak ekarri ditu bere ondorioak eta hori saihesteko, orain ohiko bihurtu da, esaterako, alderdiek beren baitan, bakoitzaren barne aginte egituretatik harago, afiliazio osoari galdetzea hautetsiei buruz, balizko paktuez eta abar…horrezaz gain, eguneroko arazo politikoetan herri galdeketen aldarria nahiz praktikak gero eta arruntagoak ari dira gauzatzen. Honek guztiak, jakina, errepresentazio politikoaren krisiak erakusten dizkigun adierazleak besterik ez dira. Edota, orokorrago oraindik, egungo gizartean nahiz kulturan bizitzen ari den errepresentazio sistemen hausturaren seinale litzateke.

Ezagueraren eraikuntzan mimetismoa eta algoritmoen gainek o agerpenak birtualitate di gitalizatuak ordezkatu ditu, denboralizazio klasikoaren partez berehalakotasunean ari gara bizitzen eta, beraz, res-publicoa antolatzeko modua ezin da izan XX. mendean izan zen berbera.

Errepresentazio orokorraren krisialdia dela medio, dagoeneko herritarrak ez baitu bere burua ikusten gizarte aginte mekanismoetan irudikaturik, demokrazia ordezkatzailean eraikitako ohiko politika ere nozituta dago eta politikariak sinesgarriak baino susmagarri bilakatu dira. Inork ez baitaki ebazpenak non eta nola hartzen diren (udaletxean, gobernu lokaletan, zentralean, Bruselan edota inork gutxik ezagutzen ez dituen itun enpresarialek bideratutako “txosten teknikoen” arabera…), ez eta zer nolako ondorioak izango dituen han erabakitakoak norberaren eguneroko bizitzan ere.

Pairatzen dugun politika egiteko moduan, demokrazia ordezkatzailearen bidez, zilegitasuna eman nahi izan zaio interes pribatuei res-publicoan sartzeko eta, bide batez, haren lepoz gizentzeko (Zubietako errauskailua, kasu…) . Egun, gobernatzeko zeharkako modu ez zuzenek agintzen dituzte egunerokotasunean eragiten dituzten baldintzak (salneurriak, dirua eta maileguen balioak eta abar) eta ezin zaie erantzun, harreman ezkutuen bidez gauzatzen baita hori guztia herritarrei ezer galdetu gabe.

Egungo ezagueraren gizarte honetan informazio aukera, ordea, inoiz izan den zabalena dugu eta, halaber, eztabaidarako foroak inoiz baino egingarriagoak dauzkagu… eragingarriago bihur ditzagun, bada (Buchanan, J & Tullock, G. A. “Liberalism against populism”, 1982).

Alda ditzagun, beraz, dagoen demokrazia zaharra zuzena bilakatuz. Horrela, izpiritu errepublikarrari atxikirik, hautsita dagoen gizarte ispilua ere berreskuratu eta aldatuko dugu. Norberaren osasun fisiko zein mentalak eskertuko digu hori, zeren eta, agian, gaurko eredu politikoak eta politikariak benetako demokrazia eskuratu aurretiko azken katebegiak besterik ez dira izaten ari.