04 JUN. 2016 HELDUEN LITERATURA Egunerokotasun zatikatuaren zirriborroa Iratxe ESPARZA Ez dago ezer absoluturik, ez egiarik, ez errealitaterik, ez pentsamendurik; gizaki korapilatsuak gara, ezinezkoa da jakitea hurrengo urratsa zein izango den. Ez dago etorkizuna iragartzerik, ezta menperatzerik ere; edozein momentutan, buruak bira egiten du, klak, eta erraietan lotan daramagun kreatura esnatzen da; orduan, hasten gatzaizkio elikatzen. Arru eta Oier bi lagun banaezin dira; Oierrek Arruren historia idatzi nahi du, sozializatu nahi du, jakinarazi poesia eta narrazioa tartekatuz. Hogeita lau urteko Arruri eskizofrenia diagnostikatzen diote eta patologia duala deitutako gaixotasunarekin bizitzen ikasi behar du, gainera, buruan entzuten dituen ahotsak isiltzeko premia dauka, horregatik tratamendu gogorrak eta ospitalizazioak jasaten ditu; hori gutxi balitz, droga mendekotasunak bere egoera lazgarria areagotzen du. Arruk eta Oierrek psikiatrikoan jasandako tratua salatu nahi dutenez, lehenengoak bizitakoa kontatzen dio bigarrenari; horrela Oier lagun minaren nahastearen testigantza emateko prest dago, eta nobela idatzi ahala Arruri ozen irakurtzen dio. Eleberria irakurleoi zuzendutako ohar batekin hasten da, non egileak berak aukera eskaintzen digun protagonistaren gertaerak gure nahierara moldatzeko. Aholkuak kontuan hartuta, liburuaren erritmoa baldintzatzen duten hiru bide ditugu: lehenengoan, proposatutako jokoan sartu gabe, idazleak testua antolatu duen bezala irakur dezakegu. Bigarrenean eta hirugarrenean, ordea, atalez atal saltoka ibili behar dugu beti egilearen gidaritzapean; hortaz, irakurketa gure erara osatzen gabiltzalako pertzepzioa ia hasi bezain pronto desagertzen da. Bata zein bestea aukeratu, eleberriaren egiturak bat egiten du Arruren buruko gaixotasunarekin, gorabeherekin eta, hein handi batean, sufrikarioarekin, haren desoreka eta nozitutako paranoia testuaren forman islatzen baitira. Bestalde, eleberri zatikatu honek hiru atal ditu, eta hasierakoan protagonistek aurreratzen badigute ere idaztearen helburuak direla psikiatrikoetan pairatzen diren “narkotizazioa, gaitzespena eta gizatasun-galera” (23. orrialdea) begi-bistan uztea eta kalean Arruk sufritzen duen estigmatizazioa eta gizartearen ukazioa azpimarratzea, asmo hori (salaketarena) behin eta berriro nabarmendu ezean, gainetik jorratutako eta oharkabeko gai gisa hartuko genuke. Izan ere, askoz sakonagoak dira drogaren inguruan sortutako giroaren deskribapenak eta hausnarketak, edo Arruren jarreren azalpenak speed-aren efektuen menpean dagoenean. Sarritan, ideiak eta egoerak errepikatzearen ondorioz, lehenengo bi ataletan erritmo geldoa nagusitzen da, eleberriaren egitura eta islapen zatikatuaren indarra oztopatuz; hau da, Arruren burutazioekin eta speed-ak eragindako arrastoekin konparatuz gero, erritmoa lasaituegia da, gehiegi drogaren munduan sartze eta irteteek sortzen dioten asaldurak irakurleoi zirrara egiteko. Azken atalean, aldiz, kapitulu batetik bestera ezin hobeto jasotzen dira denboraren iragatea, bizitzaren lehia, botiken moteltasuna edota speed-aren abiadura. Yin eta yang, idazlea (Oier) eta irakurlea (Arru), gaixotasuna eta ongizatea, mendekotasunen alde ilunak eta gizartearen konbentzionalismoak; aurkakoak eta aldi berean gorputz osagarriak, testuaren eta identitatearen zatiketa. Hain gizatiarrak diren bizitzaren zuhurkeriek eta bertuteek, gutxiespenak eta adiskidetasunak osatzen dute koktel asimetrikoa den eleberria; ongia eta gaizkia ispiluan.