06 JUN. 2016 Eskalada Britainiar eskalada tradizionalakbikote indartsuak erakartzen ditu Jacopo Larcherrek «Rhapsody» bidearen (E11 7a) bosgarren igoera egin du. Barbara Zangerlek, berriz, «Achemine»-ren (E9) lehenerrepikapena sinatu du. James Pearsonek «The Quarryman» marra bitxia (E8 7a) kateatu du. Caroline Ciavaldiniri azken luzea falta zaio. Andoni ARABAOLAZA Kirol eskaladan muturreko zailtasunean jarduten duten hainbat eskalatzailek, noizbehinka bada ere, trad estiloan edo eskalada tradizionalean sartu-irten batzuk egiten dituzte. Hurrengo lerrootan lau protagonista aipatuko dizkizuegu. Lau norbanako dira, baina beraien artean bikoteak osatu dituzte. Alde batetik, Jacopo Larcher italiarra eta Barbara Zangerl austriarra ditugu. Bestetik, James Pearson ingelesa eta Caroline Ciavaldini frantziarra. Bada, azkenaldiotan bi bikote hauek trad estiloko bideetan murgilduta ibili dira, eta emaitza bikainak erdietsi dituzte. Azpimarratzeko dugun lehen jarduerak Larcherren sinadura darama. Italiarrak eskalada tradizionalari ekiten dionean, argi du gogor estutzeko egiten duela. Muturreko zailtasunean badu eskarmentua, batez ere Europa kontinentalean sortzen diren proposamenetan. Dagoeneko, patrikara eraman ditu sona handiko marra zailak: “Prinzipp Hofnung” (8b+), “Lapoterapia” (8c), “Psychogramm” (8b+)... Baina duela aste batzuk, Eskoziara bidaiatu zuen; hain zuzen ere, oso ezaguna den Dumbarton Rock eremura. Larcherrek esku artean hamar izar dituen xede bat zuen: “Rhapsody”(E11 7a). Nolabait gure graduarekin alderatzeko esan behar dugu bide horren zailtasun teknikoa 8c/c+ dela. Baina, jakina, bere baitan arrisku handia du. Izan ere, trad estiloko bide guztietan bezala, “Rhapsody”-n ere eite horrek berebiziko garrantzia du. Marraren lehen igoera Dave MacLeodek lortu zuen. Hura kateatzeko 70 egun igaro zituen, eta aipatu behar da ere 20 metroko eroriko oso arriskutsuak izan zituela. Azkenean, eskoziarrak puntu gorria jarri zion. 2006. urtea zen, eta eskalada tradizionaleko munduko biderik gogorrena bezala hartu zen. Lerrootako protagonistak, berriz, “Rhapsody”-ren bosgarren igoera egin du: «Marra probatzen bederatzi egun igaro nituen, eta sokaburu bezala zazpigarren saioan lortu nuen. Zailtasunari buruz, beste errepikatzaileekin bat nator, hau da, 8c/c+ dela uste dut. Oso gogorra da! Gainera, arroka kristalino bitxi horretara ohitu behar zara». Italiarrak zailtasun teknikoa nabarmentzeaz gain, argi utzi du bide horretan segurtasunari garrantzi handia eman behar zaiola: «Eskalada tradizionalaren muturreko beste marra batzuekin alderatuta, ‘Rhapsody’ ezberdina da oso. Lehen zatia oso segurua da, baina azken fisureroa sartu eta amaiera arte metro asko garbi-garbiak daude. Nahiz eta jakin lurraren kontra ez duzula joko, eroriko oso arriskutsuak ditu; min handia har dezakezu. Jarritako seguruekin ez nintzen beldur, baina erorikoekin oso arduratuta nengoen. Goialdetik erortzen banintzen, ziur nengoen erlaitzaren kontra joko nuela. Jakin banekien, Pearson hor goitik erori zela eta ez zitzaiola ezer gertatu. Baina, tira...». Dumbarton Rock eremutik irten gabe, Zangerlek “Achemine” bidea egin zuen. Hango eskalan E9 da, eta zailtasun teknikoak kontuan hartzen baditugu, 8b izango litzateke. Marra hori lehen aldiz MacLeodek igo zuen duela hamabost urte, eta askok eta askok “Achemine” benetako harribitxitzat hartzen badute ere, austriarrarena izan da bidearen lehen errepikapena. Zangerlek dio bidearen giltza askatzea asko kosta zitzaiola: «Lehen saioak soka gainetik egin nituen; izan ere, bidearen pausu gogorrena askatzeko irtenbide bat bilatu nahi nuen. Ondoren, benetako saioak egiten hasi nintzen, baina soka gainetik baztertuta. Lehen ekinaldian erori nintzen. Hirugarren egunean, berriz, azken pausu gogorrean erorikoa izan nuen. Egun horretako bigarren saioan zorte handia izan nuen. Nahiz eta babeslekua ona izan, azken camalotetik irteerara (bidearen giltza gaindituta dago) 13 metroko tartea dago. Horregatik argi neukan azken metro horietan ezin nintzela erori. Ez dut pentsatu ere egin nahi handik eroriko batek zer ondorio izan zezakeen». «The Quarryman» Bien bitartean, Pearsonek eta Ciavaldinik bide historiko baten aldeko apustua egin zuten. Twll Mawr izeneko alderdian, bikote horrek “The Quarryman” bidean (E8 7a) jo eta su jardun du. Jhonny Dawes eskalatzaile historikoak marraren lehen igoera egin zuen. Hori 1986. urtean izan zen. “The Quarryman”-ek lau luze ditu: E6, E5, “Groove” izeneko 8a graduko luzea (diedro bat) eta amaitzeko plakako 7c+. Esan dugun bezala, lehen igoera duela hogei urtekoa da, eta garai haiek kontuan izanda, Dawesek lortu zuena asko txalotu zen. Datu adierazgarri bat: eskalatzaile historiko horrek trad estiloko lehen E8 eta E9 graduak egin zituen. Eta hori orain dela bi hamarkada izan zen! Pearsonen kasuan, argi dago “The Quarryman”-ek zailtasun teknikoaren aldetik ez diola buruhausterik ekarri, besteak beste, muturreko hainbat eta hainbat bide egin baititu. Baina eskalatzaile honentzat, bide horrek badu esanahi berezia: «Haurra nintzenetik, beti amets egin dut bide horrekin. Jhonny hura eskalatzen ikusi dut, eta erabat harrituta geratzen nintzen nola lebitatzen zuen. Estilo oso berezia zuen; dinamikoa eta oso ausarta. Urteek aurrera egin ahala, neure buruari esan nion ‘The Quarryman’ probatu behar nuela. Baina, era berean, izutzen ninduen: arrokaren ezaugarriak (arbela da), hara hurbiltzeko bidea, estiloa, zailtasuna...». Horrekin guztiarekin batera, aipatu behar dugu bide horrek baduela luze oso berezi bat: “Grove” izenekoa. Hirugarren luze hori Britainia Handiko eskalatzaile indartsuenek probatu dute, eta den-denek diote inoiz eskalatu duten luze bitxiena dela (ikusi argazkiak). Dawesek berak luze hori era honetan azaltzen zuen: «Bitxia da, baina prozesu oso interesgarria eskatzen du; perfekzio inperfektuaren proba handia da! Hasieran oso zaila da, baina mugimendu berezi horiek kontrolatzen dituzunean, dena lasaitzen da». Pearsonek marra hori kateatu ondoren, Ciavaldiniri lekukoa pasatu zion, eta “Groove” izeneko luzea egiteko gai izan zen. Normala denez, frantziarrari gehiago kosta zitzaion: «Jamesi esker, trad estiloan asko aurreratu dut, eta egun eskalada tradizionalean gustura sentitzen naiz. ‘The Quarryman’-en hirugarren luze hori berezia da oso. Ezohiko mugimenduak eskatzen ditu: gorputza alde batera eta bestera mugitu behar da, une batzuetan horizontalean jartzen zara, malgutasun handia eskatzen du... Bai, bitxia iruditu zitzaidan, baina diedro bat besterik ez da. Arbelarekin ere ohitu behar izan naiz, eta, finean, ariketa perfektu bat baino ez duzu egin behar. Soilik beste gauza bat esan nahi dut: Dawesen aurrean txapela kentzen dut; uste dut diamante bat sortu zuela». Alabaina, Ciavaldiniri, laugarrena falta zitzaion: «Ez nuen astirik izan hura probatzeko. Zer edo zer begiratu nuen, baina beste baterako utzi dut. Jamesek esan dit luze horren giltza gogorra dela oso, eta berak metodo ezberdin bat baduela». BARBARA ZANGERL Eskalatzaile austriarrak «Achemine» bidearen (E9) lehen errepikapena egin du. Dave MacLeodek duela hamabost urte egin zuen lehen igoera. «THE QUARRYMAN» James Pearsonek lau luze dituen bide mitiko zein bitxi hori igo du; tartean, «Groove» izeneko 8a graduko diedroa. Caroline Ciavaldinik azken luzea, 7c+ graduko plaka, zintzilik utzi du. BOSGARRENA Jacopo Larcher italiarrak trad estiloko edo eskalada tradizionaleko muturreko bide bat eskalatu du: «Rhapsody» (E11 7a).