Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Gure buruko mapa

Buru-mapak eta pentsamendu erradiala oso kontu praktikoak dira barruan katramilatuta darabilzun informazioa ordenatzeko, orokortasunetik zehaztasunera, ideien asoziazioen bidez, asoziaziook irudiz, kolorez edota hitzetatik aparteko nolabaiteko formaz hornituz. Misterio handirik ez du, azken finean ohiko eskema bat besterik ez baita, baina «irudi bat mila berba baino indartsuagoa da» jakinean oinarritua, gauzak argiago izateko, garrantzitsuenak errazago gogoratzeko. Egiten duzu zure buru-mapa kontu baten gainean eta, azkenean, baduzu halako olagarrotxo bat begien parean: burua (ideia nagusia) du erdian, handi eta nabarmen, eta norabide guztietan hankak (ideia haren segidak) ateratzen zaizkio, eta hanka horiei hanka gehiago jaiotzen zaizkie... Zeren eta ideiak, ideien arteko loturak, bukatzen al dira inoiz?

Interesgarria iruditzen zait orokortasunetik zehaztasunerako bide mentala egitea. Are gehiago, gehiegizko informazioaren aro honetan; hainbeste iristen zaigu, eta hainbeste aldetatik, ezen sarri ez dugun asmatzen banakatzen, fidagarria eta manipulatua bereizten, edo funtsezkoa eta anekdota, non dagoen gertakariak gertatzeko arrazoia, gauzen sustraia. Uste dut jendartearen buru-mapa dezente aldrebestuta dagoela hainbat konturi dagokionez; alegia, olagarroaren buruan jarria dugun ideia edo okerra dela edo nagusi izan beharko lukeenaren hanketako bat, besterik ez.

Bereziki, gizon eta emakumeon arteko berdintasunarekin lotuta ikusten dut argi. Buru-maparen erdian besteren gainetik argitsu daukagu, adibidez, emakumeoi berariazko indarkeria jasanarazten digutela gizonek, edo ez digutela haien soldata bera ordaintzen lan bera egiten dugunean, edo familiaren nahiz etxearen ardura gure gain iraunarazten dutela, edo itxurari dagokionez haiek ez bezala birrintzen gaituztela psikologikoki, edo arlo gehiegitan oraindik ez digutela aukerarik edota arretarik eskaintzen, edo pobreziak gure aurpegia izaten jarraitzen duela... Eguneroko bizimoduan bizitzen edota ikusten ditugu horiek, bat ala beste edota hainbat, denok. Halere, oraindik kosta egiten zaigu denok berdin ikustea ondorio diren horiek hain zuzen ere ondorioak direla, eta errora jotzea, elkar hartuta. Hala, borrokan dihardugu, eta halaxe jarraituko dugu, harik eta olagarroaren buruko ideia argitsu nabarmen hori oker ezarrita dugula denok eta guztiz onartzen dugun arte: gizon eta emakumeon arteko berdintasunik ez dago. Hala, agian, egin ahal izango dugu lan zintzoa eta eraginkorra, hitzez harago, esparru guzti-guztietan.