Xisteraren lehen finalak
Jokamoldea bultzatzeko jaio zen elkarteak bere lehen txapelak banatuko ditu larunbatean Durangon.
Xisterak, zesta-punta harrobitik bultzatzeko sortutako elkarteak, antolatzen duen Zirkuituaren lehenengo finalak larunbatean jokatuko dituzte Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Jaialdia 18.00etan hasiko da, eta finalistak, helduen mailan, Antxon Alberdi-Suso (Berriatua-Gasteiz) eta Kosme-Del Rio (Zumaia-Gasteiz) dira. Gazte mailari dagokionez, Mancisidor-Bereziartua (Mutriku-Berriatua) eta Unax Vidal-Arrizabalaga (Berriatua-Mutriku) izango dira txapelen bila arituko direnak.
Finalerdiak kiniela erara jokatu baziren ere, finala 30 tantora jokatuko da helduen mailan, eta jubenilek berriz 25era jokatuko dute. Jaialdia emakumezkoen zesta-punta partida batekin hasiko da, Xisterak helburu bezala hartu baitu neskak ere zestara erakartzea. Bi finalen irabazleek 5 puntu lortuko dituzte ranking-ean, eta txapeldunordeak, berriz, 3. Horiek iragan asteko kinielan egindakoei gehituko zaizkie, orduan hirugarrenek puntu gehigarri bat ere erdietsi zutelako. Gainera, jaialdia oso-osorik ikusi ahal izango da streaming bidez www.xistera.eus web orriaren bitartez.
«Durango beti izan da erreferente bat zesta-puntaren arloan eta ohore bat da guretzat Xisterako lehenengo finalen bataioa hemen izatea. Orain dela bi urte hasi ginen proiektu hau lantzen eta oso garrantzitsua da etorkizunari begira, klub guztiak batuta daudelako», azpimarratu zuen Patxi Jauregik, Euskadiko Federazioko presidenteak.
Bihar, azkena Gernikan
Bestalde, Barikuetan Jai Alai txapelketaren azken jardunaldia bihar jokatuko da Gernikan. Gazte mailan Lekerika II.ak garaipena ziurtatua du, baina helduetan emoziorik ez da falta.