GARA
BILBO

Emakume ekintzaileek elkarri laguntzeko lan jarduna, Bilborocken

EmakumeEkin elkarteak ekintzaileei laguntzeko eta beren artean nahiz enpresariekin aliantzak sortzeko Neskworking lan saioa egingo du datorren ekainaren 16an, Bilboko Bilborock aretoan. Motibazioa bultzatzea eta isolamendua saihestea ere badira helburuak.

EmakumeEkin emakume ekintzaileei laguntzeko elkarteak aurreneko Neskworking saioa antolatu du Bilbon. Hitzordua Bilborock aretoan izango da, ekainaren 16an (10.30-13.00). Ekitaldiaren xedea emakume ekintzaile eta enpresarien artean harreman profesional berriak sorraraztea eta sarea sendotzea da.

Neskworking ekimena beren kontura lan egiten duten emakumeei zuzendua dago, ardura eta helburu berak dituzten emakumeek elkar ezagut dezaten hainbat dinamikaren bidez, eta era arinean, konfiantza sortzeko. Horrela, enpresarien arteko lanerako harremana eta aukera berriak erraztuko dira, antolatzaileen arabera.

Enpresa jarduera eta arlo ezberdinetako emakumeak bilduko dira; finantza arlokoak, merkatariak, aholkulariak zein artistak, eta hainbat profesional independentek ere hartuko dute parte. «Bertan izango den aniztasuna kontuan izanda, hori izango da mota honetako ekitaldien aldean ezberdintasun nagusia –diote sustatzaileek–. Gainera, enpresaren fase ezberdinetan dauden emakume profesionalak etorriko direnez, sarearen aberastasuna bermatuko da».

Aliantzak sortu, sendotzeko

Emakumezko enpresarien eta ekintzaileen aniztasuna azaleratzea eta horien artean lan-harreman berriak sortzea da xedea, negozio aukera berriak susta daitezen. «Sareak sortzea bereziki garrantzitsua da, elkarrekin esperientziak eta aukerak partekatzeko. Horrek isolamendu eta bakardadea ekiditen ditu eta, aldiz, ahalduntzea eta motibazioa bultzatu», EmakumeEkinen iritziz. Ez dute baztertzen Neskworking «erreferentziazko hitzordu bilakatzea» eta Euskal Herriko beste hiriburuetan errepikatzea.

EmakumeEkin elkarteak urte osoan gauzatzen ditu ekimenak; esperientziak partekatzeko saioak, networking saioak, negozioaren garapenerako formakuntza saio bereziak eta emakumeen ahalduntzerako programak diseinatu zein ematen dituzte.

Susana Zaballa presidentearen hitzetan, elkartearentzat «aliantzak beharrezkoak dira» sendotzeko eta proiektu zabalagoak abian jartzeko.