20 JUN. 2016 sokatira Goiherri taldeak 640koan onenak izan direla erakutsi du azkeneko jardunaldian J.L. Goiherri A taldeak irabazi zuen herenegun Barrikan Euskal Herriko Lur Gaineko txapela, 640ko mailan. Erandioko taldeak azkeneko jardunaldia irabazi egin zuen eta horrekin batera txapela eraman zuen. Garbi zegoen garaipena beraien eta Gaztedi A taldearen artean egongo zela, eta horrelaxe izan zen. Lehia polita izan zuten, baina amaieran berdeek lortu zuten garaipena, eta txapela ere bai, Laukizkoak bigarren postuan utziz. Hirugarren postua Goiherri B taldeak lortu zuen. Atzetik, Gaztedi B, Mutriku, Akelarre eta Gaztedi C sailkatu ziren. Harri-zulatzea Harri-zulatzaileen Ligako bigarren jardunaldian, Ereñok lortu zuen garaipena, 14 zulo eta 9 zentimetroko markarekin. Aurreneko jardunaldian bezalaxe, oraingoan ere onenak izan ziren, bigarren sailkatuari zulo bateko aldea ateraz. Ortuellako Burdin Gazteak taldeak eskuratu zuen bigarren postua, 13 zulo eta 8 zentimetrorekin., Hirugarren postuan Trapagaran izan zen, 13 zulo eta 6 zentimetrorekin; laugarren Kabiezes geratu zen, 13 zulo eta 2 zentimetrorekin; bosgarren, Errekatxo, 12 zulo eta 8 zentimetro zulatuta; eta seigarren, Piratak taldea, 12 zulo eta 2 zentimetrorekin.