GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Arriak Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioak irabazten jarraitzen du


Arria V.ak indartsu ekin dio aurtengo Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligari. Bi saio jokatu ditu eta biak irabazi ditu. Herenegun Jon Rekondo hartu zuen mendean, eta atzo, berriz, Eneko Otaño.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen atzo egin behar izan zuten aurreneko lana, eta hor Beizamakoa gailendu zen. Otañok 35 segundoan burutu zuen lana, eta errezildarrari bederatzi segundo edo kolpeko aldea atera zion. Bigarrengoan, ordea, Arriak aldea irauli egin zuen. 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta errezildarrak 48 segundoan amaitu zuen, Enekori 16 segundoko aldea ateraz.

Hirugarren lanean, tamaina bereko enborra zutik jarrita izan zuten. Arriak minutu eta erdi behar izan zuen lana burutzeko, eta 34 segundo gehiago, Otañok. Azken-aurreko proban, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren, eta hori ere errezildarrak eraman zuen, lana 3 minutu eta 23 segundoan amaituta eta Beizamakori 18 segundo sartu zizkion.

Lau kana-erdiko mozten, berriz, Arriak 11 minutu eta 8 segundo pasatu zituen, eta 50 segundoko aldea lortu. Denera, 17 minutu eta 33 segundo behar izan zituen Arriak, eta 19 minutu eta 21 segundo, Otañok.