02 JUL. 2016 Aizkora Gipuzkoako maila nagusira igotzeko aukera Usurbilen Otaño, Alberdi, Mugertza III.a, Mujika, Zaldua eta Txapartegi arituko dira Bigarren Mailako finalean. Jon LEUNDA Sei aizkolari neurtuko dira bihar, 12.00etan, Usurbilgo pilotalekuan Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela janzteko asmoarekin. Aian jokatutako kanporaketako sei onenak ziren izatekoak, baina hango irabazlea, Jon Irazu, ez da bertaratuko, eta haren lekua orduan zazpigarren sailkatu zen Luix Txapartegik hartuko du. Ezkondu berria da Irazu, eta oraindik bidaiatik itzuli ez denez, ezingo du biharkoan jardun. Txapartegirekin batera, Otaño, Alberdi, Mugertza III.a, Mujika eta Zaldua izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Finalean izango diren aizkolarietako bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Irazuren faltan, Eneko Otaño da askorentzat faboritoa. Kanporaketan Beizamakoa sailkatu zen bigarren, eta horrek zaleak alde jarri dizkio. Hala ere, ez dira ahaztu behar Mujika bezalako aizkolariak. Ibarrakoak maila nagusian aritzea zer den ederki daki, eta saiatuko da hara itzultzen. Gainerakoek ere txapela nahi dute, irabazteaz gain, Lehen Mailara igotzeko aukera du hemengo irabazleak, eta sari hori denek nahi dutena da. Hirugarren Maila Gaur, berriz, Euskal Herriko Hirugarren Mailako aurreneko kanporaketa jokatuko da, eta Donezteben izango da, 12.00etan. Eguraldi ona bada, Behar Zana plazan jokatuko da, eta txarra bada, Ezkurra pilotalekuan. Guztira hamahiru aizkolari lehiatuko dira, eta hiru onenek lortuko dute finalerako txartela. Bigarren finalerdia, abuztuaren 28an jokatuko da Lakuntzan. Gaur lehian arituko diren aizkolariak honako hauek izango dira: Zubizarreta, M. A. Etxeberria, Jauregi, Kortxero, Alkizalete II.a, Lekue, Indakoetxea, Elorriaga II.a, Irazabal, Kañamares IV.a, Telletxea, J.A. Etxeberria eta Naredo. Bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Berrikuntzen artean, bi nabarmenduko dira. Bata, Zubizarreta izango da. Azpeitiarra ez da aspaldian lehiaketa ofizialetan aritu, eta bere itzulera izango da. Eta bestea, Naredo asturiarra. Bizkaiko Federazioan dauka lizentzia, eta ondorioz Euskal Herrikoan jokatu ahal izango du.