GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Apurka-apurka ari dira gazteak beraien maila eta indarra agerian uzten

Etxeberria II.a izan zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako lehen kanporaketako  onena. Berarekin batera, Kañamares IV.a eta Alkizalete II.a sartu ziren finalera.


Etxeberria II.a, Kañamares IV.a eta Alkizalete II.a sailkatu ziren atzo Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko. Jende asko batu zen Donezteben, eta aizkolaritzak duen indarra berriro ere agerian geratu zen. Hamahiru aizkolari lehiatu ziren, eta bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar zituen, eta aurreneko hiru sailkatuek lortzen zuten sailkatzea. Emozioa gainezka izan zen atzokoan.

Hiru multzotan banatuta aritu ziren, eta aurrenekoa oso ona izan zen; izan ere, bertan aritu ziren Etxeberria II.a, Kañamares IV.a, Lekue, Naredo eta Jauregi.

Hasieratik ikusi zen Etxeberriaren eta Kañamaresen arteko dema, eta azkenean Sunbillakoak lortu zuen garaipena, eta Aroztegikoa sailkatu zen bigarren. Amaierako sailkapenean ere horrelaxe geratu ziren, hain zuzen, biek finalerako txartela eskuratuta.

Bigarren multzoa ere ikaragarria izan zen. Alkizalete II.a, Irazabal, Elorriaga II.a eta Mielanjel Etxeberria lehiatu ziren. Hemen Alkizaletek eta Irazabalek hasieratik aurre hartu zuten, eta sekulako borroka izan zuten. Amaitu ere biek batera egin zuten, baina asteasuarrak 8 ehuneneko gutxiago behar izan zitue n, eta ehuneneko garrantzitsuak izan ziren; izan ere, horrexek eman zion Jokin Alkizaleteri finalean sartzeko txartela.

Azkeneko multzoan, Kortxero, Zubizarreta, Telletxea eta Indakoetxea neurtu ziren. Multzo honetako borroka Kortxeroren eta Zubizarretaren artean egon zen. Biak finalean sartzeko faboritoen zerrendan zeuden, eta oso lehia ederra izan zuten, amaierara arte erabaki ez zena, baina Kortxerok azkenean lau segundogatik aurre hartu zion, nahiz eta bietako inork ez zuen finalean izateko txartelik lortu.

Atzoko berrikuntzak bi ziren. Bata, Zubizarreta eta bestea Naredo. Azpeitiar beteranoa ez zen gaizki aritu, baina ez zen finalean sartu, minutu erdi bateko aldea kendu zion hirugarren sailkatu zen Alkizaletek. Bestea Naredo asturiarra zen. Bizkaiko Federazioan atera du aurten lizentzia, eta horregatik Euskal Herriko Txapelketa jokatu ahal izan du. Hau finalean sartzetik minutu batera geratu zen.

Honela geratu zen lehen kanporaketa honetako sailkapena: Etxeberria II.a (10.52), Kañamares IV.a (11.10), Alkizalete II.a (12.12), Irazabal (12.12), Kortxero (12.42), Zubizarreta (12.46), Lekue (13.09), Elorriaga II.a (13.11), Naredo (13.12), M.A. Etxeberria (13.17), Telletxea (13.19), Indakoetxea (13.22) eta Jauregi (15.30).

Bigarrena

Bigarren kanporaketa jokatzeko ia beste bi hilabete itxaron beharko da, abuztuaren 28ra bitarte ez baita jokatuko. Orduan izango da aipaturiko kanporaketa, eta Lakuntzan jokatuko da. Iban Resano, Iñaki Kintana, Patxi Mindegia, Aitor Urteaga, Urtzi Olasagasti, Aritz Oregi, Goizeder Beltza, Iker Gorriti, Josu Agirre, Xabier Garcia, Done Intxausti, Unai Otaegi, Asier Pellejero eta Eneko Saralegi izango dira lehiatuko direnak.

Kanporaketa honetan ere aurreneko hiru sailkatuek lortuko dute finalerako txartela, eta atzoko sailkatuekin batera jokatuko dute finala. Lau kana-erdiko ebaki beharko dituzte.