03 JUL. 2016 Entrevista NATXO IRIGOIEN NEKAZARITZA INGENIARITZAN DOKTOREA «Ekonomia linealak planeta mugatu honetan ez du zentzurik» «Praktika agroekologikoak: oilategi-konpostagailua biohondakinen prebentziorako» ikastaroko arduradunetako bat da Natxo Irigoien, Nekazaritza Ingeniaritzan doktorea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakaslea. UEUk NUPekin elkarlanean antolatutako lehen ikastaroa da. Udako Euskal Unibertsitatea IRUÑEA Zer da ekonomia zirkularra?Ekonomia ulertzeko modu berri bat da, Europatik etortzen ari dena indar handiarekin. Bere helburua gauzen, materialen balioa mantentzea da denboran zehar, ahalik eta luzeen. Mantentzea eta, are gehiago, batzuek esaten dute handitzea ere badela. Kontsumitzen den neurrian material horiek gero eta balio handiagoa edukitzea. Inguruak berak irabaztea. Giza balioetan, balio naturaletan, balio ekonomikoetan. Ekonomia linealaren kontzeptuari aurre egiteko sortu da. Denok ezagutzen dugu ekonomia lineala, naturatik gauzak hartu, erabili, eraldatu eta bota. Planeta mugatu honetan ez du zentzurik. Ekonomia zirkularrak aldaketa sakonak dakartza gure buruan, kontsumitzeko eran, ekoizteko eran, eta eguneroko bizitza garatzeko eran. Asteazkenean emandako ikastaroan agroekologia eta hondakinen kudeaketaren uztarketa landu duzue... Ekonomia zirkular honetan bi ziklo bereizten dira: gai biologikoen zikloa edo nutriente biologikoen zikloa, batetik, naturan txertatzen dena; eta beste aldetik, sintetikoen zikloa, plastikoena, metalena... Ziklo biologiko hori aplikatzen badugu nekazaritzan, nekazaritzarako ekonomia zirkularrak esaten duena agroekologiak esaten duen gauza bera da. Gure elikagaiekin eta elikadura sistemarekin harremanetan jartzeko beste modu desberdin bat da. Ziklo ekologikoak errespetatuz eta naturaren parte garen heinean, gauza guztien gainetik natura jarriz. Baliabide gutxi kontsumitzen duen nekazaritza honetan funtsezkoa da hondakinen kudeaketa. Hori baita ziklo biologiko guztien motorra. Kanpoko insumoak ez baditugu sartzen nekazaritzan, petroliotik edo gasetik eratorritako insumoak ez baldin baditugu erabiltzen, gelditzen zaizkigunak guk geuk sortzen ditugunak dira. Hori da agroekologia. Gure arbasoek egiten zutena da, baina badugu teknologia eta jakinduria jakintza hori berreskuratu eta gaurkotzeko, eta gure beharretara moldatzeko. Aukera handia da eta horretarako funtsezkoa da ekonomia zirkularra, agroekologia eta hondakinen kudeaketa lotzea. Kasu honetan ikastaro praktikoa izan da eta Noainera joan zarete bertan dagoen oiloen konpostagailua ezagutzera. Ikastaroan bi atal bereizi ditugu. Bat teorikoa, orain arte esan dugun hau aipatuz gainetik, oso azkar; eta gero, kasu zehatz batean zentratu gara. Kasu zehatz hori da Noainen duela hiru urte eta erdi martxan jarri genuena hango 30 familiarekin. Hauek hondakinak auzo konpostagailura eramaten dituzte, hegaztiak txertatu ditugun konpostagailura. Oiloak dira. Konposta sistemak oso ondo funtzionatzea lortu dugu, baratzeak oso ondo funtzionatzea. Oiloek eragin handia izan dezaketelako baratzearen funtzionamenduan, ziklo biologiko guztiak azkartzen. Beste sinergia positibo batzuk ere baditu. Pedagogiaren aldetik, sentsibilizazioaren aldetik... eta horri esker jendearen inplikazioa lortzen dugu eta haiek sortutako hondakinen ardura hartzea. Hala, jada ez dira hondakinak, baliabideak baizik. Nola funtzionatzen du konpostagailu horrek? Oilategi txiki baten barruan integratuta dago. Hamabi oilo eta oilar bat dira. Bi patio ditu eta estalitako alde txiki bat. Osotara 60 metro karratu. Familiek bi ardura dituzte. Batetik, astean bitan gutxienez eraman behar dituzte etxeko sukaldeko hondakinak konpostagailura; eta beste aldetik, hilabetean behin bakarrik familia horrek hartzen du oilategi osoaren ardura. Gainbegiratu behar du eta kontrolatu behar du ongi dagoela, garbi dagoela. Ez baldin badago garbitu egin behar du, ura aldatu oiloei, apuntatu zerbait arraroa badago... Egun horretan egindako lanaren ordainketa bezala oiloek errun dituzten arrautzak hartzen dituzte. Familia bati tokatzen zaionean festa bat da. Joaten dira umeak, lehengusuak, auzokideak, gelako lagunak... Oso esperientzia positiboa izaten ari da, hiru urteko jarraipena izan du, mota guztietako analisiak izan dira, doktore tesian erabili da, mota guztietako kontrolak egin ditugu eta balorazioak bai soziologiaren aldetik eta bai teknikaren aldetik. Guztiz arrakastatsua izaten ari da. Horren ondorioz hedatu egin dira eta sortu dira honen antzeko beste proiektu batzuk. Leku askotan. Belgikan, Italian, Galizian, Katalunian, Nafarroan bertan leku askotan... Bakoitzak moldatu du bere errealitatera. Orduan badaude 30 familiendako, zazpirendako, norberarentzako... Batzuk erositakoak dira, besteak beraiek egindakoak. Oso moldagarria da. Zein da ikastaroaren xedea? Hara joaten den edozein pertsona gai izatea hori errepikatzeko. Ulertzeko zer den egiten ari dena, zertarako egiten den, zer den lortzen ari dena horrekin, nola egin beharko lukeen eta gero beste leiho txiki batzuk ireki nahi ditugu erakusteko beste potentzialtasun asko dituela. Baratzearekin lotuago daudenak, beste animalia batzuekin lotuta daudenak, zizareak tartean dituztenak... Argi dago ekosistema batean zenbat eta biodibertsitate gehiago izan orduan eta potentzialtasun handiagoa duela. Bi ikasle mota desberdin bilatu ditugu. Bat izan liteke bere hondakinen kudeaketarekin arduratuta dagoena, eta baratzea daukana, eta agroekologia mundu horretan sartu nahi duena. Horretarako funtsezkoa da animaliak txertatzea. Noaingo oiloen konpostagailua esperientzia oso positiboa izaten ari da. 30 familia dira, eta, beraz, bakoitza hilabetean behin arduratzen da. Familia bati tokatzen zaionean festa bat da.