Oinarriak basazkoak direnean
Datu positibotzat jo zitekeen ekainean enplegu zerbitzuetan erroldatuta daudenen kopurua jaitsi dela irakurtzea. Baina ilusio hutsa besterik ez dela agerian geratzen da datuok begiratuz.
Berriro ere, jaitsiera horren oinarriak basazkoak dira, ez dira lan eredu duin bat eraikiko dutenak. Prekaritatea loditzen dute eta honen ondorioak larriak eta atzeraezinak izaten dira askotan. Aurreko astean izan dugu azken lan istripu mortala, bigarrena hamabost egunetan eta hogeita hamargarrena sei hilabetetan.
Uztailako datua ere ona izango da zenbakiari dagokionez; ez, aldiz, enpleguaren kalitate eta egonkortasunaren aldetik. Larunbatean GARAk merkealdi kanpainari buruzko erreportajean 11.000 enplegu sortuko zirela jasotzen zuen; hori bai, aldi baterako dira kontratu gehienak, ohikoak bilakatu direnak, langile askorentzat.
Datuok ez dute aipatzen ere langabezian dauden askok gorriak ikusten ari direla. Lanik gabe dauden 184.083 pertsona horietatik erdiek baino gehiagok ez dute langabezia prestaziorik jasotzen dagoeneko.
Prekaritateari bidea mozteko ez bakarrik lan arloan, baizik eta politika publikoetan eta fiskalitatean ere aritu behar dela azpimarratzen dute aditu askok. Baina gurean, antza, ez dira aintzakotzat hartzen. Ez da denbora asko Gasteizko Parlamentuan erreforma fiskalerako EH Bilduk egindako proposamena atzera bota zela.
Politika hauei buelta ematen ez zaien artean zaila izango da kanpora doazenak Euskal Herrira itzuli ahal izatea. Iaz 4.000 lagunek migratu zuten eta joera iraunkorra da.