Dontzeila gatibuarena
Ikastola garaiko lagun batekin topo egin eta garagardo baten bueltan hitz egin dut berriki. PNVkoa ere ez da, baina gure herriaren desira nazionalez ari ginela, berak independentista izan nahi baina ezinezkoa zitzaiola ziostan. Independentzia amildegira erortzea bezala zelako, espainiarren jokabide zitalaren aurrean autonomia aterabide duinena ez den arren, sikiera egitura ekonomikoak ziurtatzen zizkigulako.
Argudio faltsua iruditzen zait, baina uler dezaket. Egia da aberriaren zentzu erromantiko –eta askotan tragiko– batean oinarritu dela independentismoa. Dontzeila gatibuaren ohorea defendatzea bezala, duintasun bertutetsu egin dela aberriaren defentsa.
Independentista garenontzat honek funtziona dezake, bai, sinisten dugun horretan sendo mantentzeko, besteak beste. Azken buruan, printzipio handi bat da eta horrelakoei ez zaie sekula uko egiten. Horiek galduz gero, den-dena galduko genukeelako, ezerezean urtuko ginatekeelako.
Independentzia, baina, proposamen zehatz eta gauzagarri gisa bideratzerik ez bada, Euskal Herriari, zentzu denetan, hain ekarpen erraldoi eta funtsezkoak egin dizkion independentismoa frustrazio eta erresuminen lurralde bilaka daiteke. Ai, izan zitekeena eta izan ez zena! Ai, itzuliko ez dena ez dela itzuliko!... sortze beretik triste jaio den bolero batekin dantzan.
Zer egingo du independentismoak herriaren aurrean alternatiba posible eta emankor aurkezteko? Nolakoa da independentzia? Bideragarri eta gauzagarri egingo dugu? Ala dontzeila gatibua izango da, imajinario urri hori elikatuz, Euskal Herriak behar eta merezi duen soluzio hori amets hutsal egin arte?