09 JUL. 2016 sokatira Gaztedik eta Goiherrik txapela izango dute jokoan 600 kilokoan J.L. Emozioz beterik dator 600 kilokoan Euskal Herriko finala, izan ere, puntu baten barruan daude Gaztedi eta Goiherri. Laukizkoak aurretik daude, puntu bat, baina Erandiokoek ere erakutsi dute euren pare daudela, eta gaur edozer gerta daiteke. 17.30ean hasiko da finala Erandioko San Cristobal auzoan. Goiherri etxean arituko da, eta saiatuko da garaipena lortzen. Gauzak dauden bezala, garbi dago txapela beraien eta Gaztediren artean egongo dela. Azken hauek berdintzearekin nahikoa dute txapela irabazteko. Baina emozioa hirugarren posturako ere badago, eta handia, gainera, eta hor Gaztedi B eta Goiherri B izango dira. Erandiokoen eta Laukizkoen bigarren taldeak podiumean sartzea izango dute helburua. Hori gutxi ez, eta bosgarren posturako ere lehia bizia dago, parean baitaude Mutriku eta Akelarre. Euren arteko dema ere handia izango da, bosgarren geratzea baita bien helburu nagusia. Gaztedi C azkena izango da.