12 JUL. 2016 sokatira Gaztedi A taldeak eraman du 600ekoan Euskal Herriko txapela J.L. Gaztedi A taldeak irabazi du 600eko Euskal Herriko Txapelketa. Bigarren jardunaldian lortutako garaipena erabakigarria izan da, aurrenekoa bezalaxe, azkenekoan ere berdinduta amaitu baitu Goiherri A taldearekin. Ondorioz, Laukizkoek lortu dute txapela. Lehen jardunaldian berdinduta geratu ostean, bigarren saioan Gaztedik irabazi egin zuen, eta nahikoa zuen azkenekoan berdinketa, eta hori lortu zuen. Goiherri B taldea sailkatu zen hirugarren. Azkeneko saioan ere hortxe amaitu zuen, eta podiumean sartzeko balio izan zion. Gaztedi B uste baino okerrago aritu zen amaierako jardunaldian, baina laugarren geratzeko balio izan zion. Mutrikuk eskuratu zuen bosgarren postua, azkeneko jardunaldi ona egin arren. Seigarren geratu da Akelarre taldea, eta Gaztedi C taldeak itxi du sailkapena. 560koa bakarrik geratzen da Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko, eta hor ere Gaztedi A eta Goiherri A izango dira faboritoak.