12 JUL. 2016 IKUSMIRA Iruñea morea, kontzientziaren zedarri Maider Iantzi Kazetaria Mozkortuta zaudete?», galdetu zuten Anestesiakoek. Irri algara bat izan zen erantzuna: «Zer galdera da hori?». Jendea kontent zebilen, balantzaka batzuk, beren munduan. Baina, serio-serio, mozkorraldia ez dela inor erasotzeko aitzakia ohartarazi zuten zarauztarrek, eta emakumeak bakean uzteko eskatu. Txistu hots ozena. Zerbait aldatzen ari den sentipena morez jantzitako Iruñean. Inoizko kontzientziaziorik handiena dagoela erranen nuke. Mugimendu feminista indartsu dago eta gero eta lagun gehiago inplikatzen ditu. Txarangarik gabe imajinatzen ez ditugun peñek kalejira isila egin zuten atzo. Instrumentu guztiak mutu, jaietan ez duela denak balio eta harremanak berdinetik berdinera eraiki behar direla oihukatzeko. Joseba Asiron alkateak amorruz adierazi zuen gisan, ematen du badela jendea zabaltzen ari den mezua aditu nahi ez duena: Babes Zibileko Tokiko Batzordearen arabera, besten lehenbiziko sei egunetan hamabi pertsona atxilotu dituzte sexu askatasunaren kontrako delituengatik. Nagore Laffage hil zutela zortzi urte bete ziren egunean, neska madrildar bat bortxatu zuten bost mutilek. Udalak ekinbide judizialak abiatu zituen gazte irundarraren kasuan, eta orain gauza bera egin du bost gizonon aurka. Udaletxe Plaza lepo bete zen txupinazoan, baina oraindik gehiago neska madrildarraren salaketaren berri zabaldu zenean. Inoiz ikusi gabeko argazkia izan zen, atzo Gazteluko Plazan egin zen elkarretaratzea bezala. Nagoreren heriotza mugarri mingarria izan zen bezala, olatu more hau bada kontzientziaren zedarri.