12 JUL. 2016 Aizkora Mugertzak mendean hartu du Azurmendi Urrezko Ligan Zutik jarritako enborrean erabaki zuen auzia Mutrikuko aizkolariak. Jon LEUNDA Ugaitz Mugertzak irabazi zion Iñaki Azurmendiri Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldia. Mutrikuarra Jauregiren ordez aritu zenez, garaipen hori arabarrarentzat izango da sailkapenerako. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztuz abiatu ziren, eta berdinean amaitu zuten. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta Mugertzak hor izan zuen bere lehen garaipena, 12 segundoko tartea kenduz. Zutik jarritako 45 ontzakoan erabaki zuen Mugertzak. 2 minutu eta 50 segundoan amaitu zuen lana, eta minutu bat eta 17 segundo kendu zizkion Mugertzak Azurmendiri. 60 ontzakoarekin ere alde hori handitu egin zuen mutrikuarrak, eta 14 segundo gehiago sartu zizkion. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki zituzten. Azurmendik irabazi zuen, baina ez zion garaipena lortzeko balio izan. 13 minutu eta 8 segundoan burutu zuen lan hau, eta 14 minutu eta 18 segundoan Mugertzak. Denera, 24 minutu eta 2 segundo izan zen Mugertzaren denbora, eta 24 minutu eta 45 segundo, Iñaki Azurmendirena. Atzo, berriz, Nafarroako Hirugarren Mailako kanporaketa jokatu zen, eta Patxi Mindegiak irabazi zuen. 5 minutu eta 16 segundo behar izan zituen bi kana-erdiko ebakitzeko. Atzetik, J. Etxeberria (5.19), Telletxea (5.32), Gorriti (5.23) eta Etxekonena (6.07) sailkatu ziren, eta hauek ere finala jokatuko dute. Finaletik kanpo, berriz, hauek geratu ziren: Gogortza (6.41), Flores (6.53), Kañamares VI.a (8.00), Agirre (8.53), Garcia (13.00), Duch (14.05), Pagola (16.46) eta Jaka (19.32). Gaur ere jaialdia izango da Iruñeko Foruen Plazan, eta bertan, Nafarroako Ingude-altxatze Txapelketa jokatuko da. Urrutia, Martin, Zugarrondo, Fernandez, Ibero, Iñarreta eta Albarran neurtuko dira mutiletan, eta Ariztegi, Izkue, Gonzalez eta Lopez, nesketan. Motozerra txapelketa ere jokatuko da, eta bertan, Salvador, Peio Kañamares, Lasarte eta Asin arituko dira. Harri-jasotzea Xabier Lizarraldek marka pertsonala lortu zuen Azkoitian, berak pisatzen duen bikoitza pisatzen duen harria bi aldiz bizkarrean berdinduta. 175 kiloko harri errektangularrari bi jasoaldi bi minutu eta 45 segundoan eman zizkion.