GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
EKHIÑE EIZAGIRRE
IDAZLEA ETA EUSKAL PRESO POLITIKOA

«Naizen eta izan nahi dudanaren arteko hausnarketa eta kritika egiteko balio dit idazteak»

Fresnesko espetxetik ari da hausnarketan Ekhiñe Eizagirre (Zarautz, 1984), «Alde erantzira nabil» (Susa) lehenengo poema liburuaren baitatik. Kartzelaz, deserriaz, minaz eta sufrimenduaz gain, feminismoak, sexuak eta izpiliku usaineko larreek iradokitzen diotenaz ere ari da.


Ea ba... Norantz doa, ze norabidetan, Ekhiñe Eizagirreren «alde erantzirako bidea» ?

Izeba batek esaten zidan guztiari kontra egin beharra zela nirea. Nik diot ez dagoela bizitza ibiltzeko bide egoki eta bakar bat. Araututako bideetatik irten eta bidezidorrak hartu izan ditut sarri, eta debekatutako bideetan murgildu izan naiz. Ezarritako ororen kontra aritzea egotziko digute batzuek, baina nik diot beste jendarte eredu bat amesten dugun guztiok bide berriak, alderantzizko bideak, urratzeko betebeharra dugula.

Eremu bat. Espetxea. Nola askatzen dira letrak hor barruan? Agian, kanpoan baino askatasun handiagoz?

Nik oso modu gordinean askatzen ditut hitzak. Mikel Laboak abesten zuen: “Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona”. Espetxean inguratzen gaituzten gabezia eta absentzia anitzak medio, bizipen arruntenei beste balio bat ematen diegu; ikustaldi bat, besarkada bat, musu bat, borrokaldi bat, notizia triste bat, agur bat... bizipen hauek askoz intentsoagoak dira gurean. Horri maiz espetxeak jasanarazten dizkigun egoera bortitzak gehitzen badizkiogu, ezinbestean, kontakizunetan zein hitzetan, gordintasuna agerikoa da.

Hitz bat. Borroka. Baina bilduma honetan auzi bati, borroka bati, baino gehiagori egiten dio erreferentzia ele berberak.

Gure herrian, “borroka” hitzak behar baino adiera murritzagoa izan du (ezkerraren baitako kontzientzia kolektiboaz ari naiz). Borroka eremuak mailakatzea ohitura oso ohikoa da, eta, bestalde, hainbat borroka eremu ez ditugu aitortu nahi izan. Niretzat borrokak ertz ugari ditu, eta izkina guztiek dute elkarrekiko harremana edo lotura. Gurean, ordea, borroka eremuak oso ikuspegi patriarkaletik izendatu eta ulertu izan dira. Horri erantzunez, azken urteetan, feminismotik egin da ekarpenik. Adibidez, gure gorputzak zein bizitzak lurraldetasuna bezainbesteko borroka eremu politikoak eta garrantzitsuak direla aldarrikatu da.

«Irudi zait gaurkoan/ dena ilun dela/Ametsek eskuetatik /irrist egiten didatela/Gure jabetzak ez ezik/ametsak ere desjabetu nahi dizkigutela». Akaso, arriskutsuena hori, ametsik gabe geratzea ?

Hori da botere hegemonikoaren etengabeko diskurtsoa, egungo jendarteak ez duela erremediorik, ez dagoela alternatibarik, utopikoak edo ameslariak garela. Horrregatik da garrantzitsua irudimenari, fantasiari, etengabeko hausnarketari eta ametsei txokoa egitea, horiek bide berriak aurkitzen eta urratzen laguntzen baitigute. Jarraitu behar dugu amesten, eta, bereziki, gure ametsen bidean borrokatzen.

Esan. Istant honetan burura datorkizun ametsa?

Amets “sinple” bat: eguzkia, natura, mendia, animalia eta lagunen konpainia, sagardo pixka bat, hamaiketako eder bat, gitarra bat, begiradak, xirriak, irriak, kantua... hori guztia Euskal Herri askean.

Lagunekin jolasean. Eskutitzak igorri-jaso bidean, poema bat arrasto bakoitzean eta bilduma oso bat azkenean. Nola izan da prozesu hori ?

Oso naturala izan da. Komunikatzeko, ezagutarazteko, harremantzeko edo espresatzeko bide izan ditut betidanik poemak. Hala, eskutitz askotan bidali izan dizkiet lagunei olerkiak, eta inguruko zenbaitenak ere jaso izan ditut bueltan. Hasieratik neukan nire poemekin zerbait egiteko gogoa, eta horretan nenbilela, bilduma bat osatu eta argitaratzera animatu ninduten. Esan eta egin.

Espetxean sortuak dira pieza guztiak? Zein epetan edo zein bizitza denboran bestela? Nola egin zenuen hautaketa?

Bildumako olerki gehienak azken hiru urteetan, espetxean, idatzi ditut. Klandestinitatean idatzitako batzuk, berriz, espetxean sartuta, memoriatik berreskuratu behar izan nituen. Horiei Euskal Herrian idatzita neuzkanak gehitu, eta olerki sorta ederra neukala ikusita, ingurukoek animatuta, argitaratzeko aukera aztertzen hasi nintzen. Nik neuk hautatu eta sailkatu nituen olerkiak, transmititzen zuten emozio edo mezuaren arabera bereizi nituen bost ataletan. Ondoren, Maite Egiguren Golmaiok, Kattalin Minerrek eta Oier Ibargurenek lagundu zidaten bilduma taxutzen: ekarpenak eginez, aholkuak emanez, zuzenketak eginez...

Liburua lagundu behar zuten ilustrazioak erreskatatu(ko) ditugu elkarrizketarako. Itziar Plazak egin ditu, Fleurytik. Azaleko irudia bera Itziar Morenorena da, Fresnesen zurekin batera zegoen presoarena. Zergatik ez ziren ilustrazioak argitaratu? Sortzaileak harremanetan zaudete espetxeetan?

Hasierako plana poemak “Ataramiñe”-rekin argitaratzea zen. Oier Gonzalezekin harremanetan jarri nintzen, eta hark Susa argitaletxekoei proposatu zien nire bilduma argitaratzeko aukera. Susakoek baietz erantzun zuten, eta orduan jakin genuen ez dutela ilustraziorik argitaratzen. Hori dela eta, alde batetik, 2015eko “Ataramiñe” alean argitaratu genituen ilustrazioak poemekin (hamar bat guztira), eta aparte olerki bilduma Susarekin. Nik bi urte egin ditut Fleuryn (2013-2015). Han topatu ginen Itziar Plaza eta biok, eta bertan otu zitzaigun bere irudiak nire poemekin uztartzea.

Itziar Morenorekin ere halaxe suertatu zen. Liburua argitaratzear nintzela (Fresneseko espetxean ordurako), izenburua zehaztu ondoren, Itziar Morenori eskatu nion gainazalerako irudia margotzeko. Artista ederrak dira Itziar Moreno eta Itziar Plaza; momentu honetan Fleuryn dira biak, eta hitz hauek baliatu nahi nituzke esateko, plazer bat izan dela beraiek bezalako kideak ezagutu eta elkarrekin lan hauek partekatzea.

Sortzaileak harremanetan ote garen... Handik eta hemendik badira harremanak. Nik ezagutzen ditudan gehienak margolariak dira. Proiektu komun batzuk ere abiarazi izan dira, Euskal Herrian zehar ibiltari dabilen erakusketa bat kasu, non emakumezko preso politiko zenbaiten margolanak dauden erakusgai, Itziar Moreno eta Lorentxa Beyrirenak, adibidez.

Badira denetariko poemak. Batzuk originalagoak, sozialagoak besteak, baita erabat politikoak direnak ere. Zenbat gauza hustu duzu ale honetan?

Galderak dioen bezala, barruak husteko bitartekoa da niretzat poesia; ezintasunei aurre egiteko bide, amesteko gune, emozioak islatzeko leku, eta aldarrikapenak plazaratzeko tresna. Azken urteetako minak eta ezinak samurtu ditut hitzen bidez, gozatu eta disfrutatu ere egin dut, baita fantasien munduan bidaiatu ere. Naizen eta izan nahi dudanaren arteko hausnarketa eta kritika etengabea egiteko ere balio izan dit.

Normalean liburuetara ekartzen ez den gai bati heldu diozu. Galde badaiteke, eta are emakume izanda horrek suposatzen duen tabuarekin, nola bizi da sexualitatea espetxe barnean ?

Bakoitzak bere modura biziko du, noski. Nire kasuan, ezintasun, oztopo eta mugez gainezka bizi dut. Borroka etengabea da mortu honen erdian sexualitateari eta plazerari lekua egitea. Garrantzitsua da geure buruari esatea, oztopoak oztopo, pertsona sexuatuak garela, eta gure gorputzekin, bakarka ere, gozatzeko aukera izan badugula; alegia, zentzumena, azala, plazera eta zirrara gure baitan ditugula. Horri, ordea, bere denbora eskaini behar zaio, eta hemengo baldintzak ez dira horretarako egokienak.

Bikotekide edo maitaleekin sexualitateaz gozatzeko aukerak oso murritzak dira; are gehiago, Frantziako espetxeetan ez dago sexu-harremanak bermatu edo errazteko instalaziorik (espetxe gutxi batzuetan dauden UVFak salbu). Adibidez, bisita-gelan gaudenetan kontaktua oso mugatua da, apenas dago intimitaterako tarterik, giltzarien begiradapean igarotzen baitira ikustaldi guztiak. Ezinezkoa da goxalagunekin biluzik, lasai, eroso gozatu ahal izatea. Horrez gain, espetxe barruko sexu-harremanetan beti dago zigorraren mamua; esan gabe, espetxeak sexu-harremanak debekatzen baititu; «ondokoa-ren begietara ekintza lizunak egin edo pudorea laidotzea» zigortu egiten du egungo legediak.

Aipatu nahi nuke harreman lesbiko eta homosexualetan zailtasunak biderkatu egiten direla. Espetxe barruko harreman ez-normatiboetan jazarpena etengabea da, eta gizonen kasuan espetxeko zaindarien artean ez ezik, presoen artean ere oso gaizki ikusiak dira harreman homosexualak.

Amari ere eskaintzen dizkiozu lerro batzuk, baita liburua bera ere.

Ama 12 urte nituela hil zen, kolpetik, minbiziak eramanda. Urte asko pasatu dira ordutik, baina badakit egun naizena, idazten dudana, beragandik jaso eta ikasitakoaren parte dela. Ama hil zenean hasi nintzen poemak idazten. Aita ez dut aipatzen, baina gaurkoan hona ekarri nahi dut. Ama izan zena baino isilagoa, diskretuagoa, da nire aita, askotan begiekin hitzekin baino gehiago adierazten duena, eta bere begiradatik, mundua ikusteko duen modutik, ere asko jaso eta ikasi dut, eta hori ere islatzen da idatzitako poemetan.

Zer iradokitzen dizu izpiliku usainak?

Beti izan naiz erromantiko samarra. Klandestinitatean ezagututako paisaia anitzen artean zeuden labandazko zelai infinituak, more-moreak, lorez gainezka, lurrin goxoa gorputzeraino ekartzen zutenak. Paisaia haiei so eginez, euskal feminismoa zetorkidan burura, elkarrekin josi dugun sarea, oihal more amaigabe hori, distantzia oro gaindituta niganaino iristen zena; herritik urrun izanda ere, babesten eta biltzen ninduena.

Zer ekartzen dizu kanpoko haizeak barrura? Askatasunetik zer desira?

Kanpoko haizeak oroitarazten dit ez nagoela bakarrik, eta ikaragarrizko maitasunez inguratzen nau. Indarra ematen dit, eta harro sentiarazi borrokan bizitzeko egin dudan hautuaz. Kanpoko haizeak izen-abizenak ditu: senideak, lagunak, ezagunak, militanteak, herria... Gogora ekarri nahi dut, maiatzean, Itziar Morenoren isolamendua dela eta, Fresnesen burutu genuen borrokaldi luzean sentitutako babes eta elkartasun ikaragarria.

Eta nire nahia edo desira da kanpoko haizeak barruko gogoari heldu eta askatasunaren bidean borrokan tinko jarraitzea, gure gogoa lehenbailehen askatasun haize bilaka dadin.

Zenbat denbora da etxeko atea azken aldiz zabaldu zenuela?

Sei urte. Etxe askotan bizi izan naiz, eta etxe askotako ateak ireki ditut bizitzan zehar. Nirea sentitzen dudan etxerik balego, hori gure herria litzateke, Euskal Herria, baina bertako ateak ireki ahal izateko espetxeetako sarrailak apurtu beharko ditugu lehenik. Horretan badugu nahikoa lan, eta horretan jarri nahi ditut nire indar guztiak, hitzak eta olerkiak barne.