26 JUL. 2016 Aizkora Gipuzkoako maila nagusiko finala izango da Mendaron J.L. Gipuzkoako Lehen Mailako finala jokatuko da gaur, 18.00etatik aurrera, Mendaroko pilotalekuan. Han neurtuko dira Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga, Arria V.a, Ugaitz Mugertza eta Eneko Otaño. Gaurkoan Joxemari Olasagastik ere izan behar zuen, baina igeldoarrak oraindik ez du bere lesioa gainditu, eta harmailetatik ikusi beharko du finala. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Faboritoak aipatzerakoan, badirudi Arria eta Azurmendi izango direla, eta baita beraiekin batera Larrañaga ere. Mailari eusteko borrokan, berriz, lehia Otañoren eta Mugertzaren artean egongo dela dirudi. Lana ona da denentzat ere. Euskal Herriko finalarekin alderatuta, aizkolari bakoitzak bi oinbiko gutxiago ebaki beharko ditu. Emozioa segurutzat jotzen da, bai txapela lortzeko lehian, bai mailari eustekoan, eta Mendaroko pilotalekuko harmailak leporaino beteko dira. Sokatira Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketan, 580koan, hirugarren eta azkeneko jardunaldian erabaki beharko da txapela. Bigarren jardunaldian ere berdinduta geratu dira Gaztedi A eta Goiherri A. Lehen jardunaldian bezalaxe, bigarrengoan ere berdinduta geratu ziren. Talde guztiak mendean hartu zituzten, eta euren artean berdindu egin zuten. Goiherri B eta Gaztedi B ere hirugarren postuan berdinduta geratu ziren.