01 AGO. 2016 Surfa Huntington Beach 2016: Tyler Wright nagusi rankingean Urtero Huntington Beachen egiten den txapelketa amaitu da bart gauean. Betiko lez olatu eskasak izan ziren, baina urtero bezala jende asko bildu zen kirol desberdin, kontzertu eta ikuskizunekin gozatzeko. Tyler Wrightek rankingeko lehen postua eskuratzea lortu zuen. Última actualización: 01 AGO. 2016 - 07:11h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Urtero bezala, ikuskizun ugari eta kategoria desberdinetako lehiaketa andana izan zen Kaliforniako Huntington Beachen egiten den Vans US Open of Surfing txapelketan, baina garrantzitsuena nesken munduko txapelketa izan zen. Nesken lehen mailako 2016. zirkuitua osatzen duten hamar txapelketetatik seigarrena jokatu zen Huntington Beachen eta bertan izan ziren ezusteko emaitzen ondorioz, aldaketa nabarmenak izan dira WCTko sailkapen orokorrean. Munduko Junior txapelketa (neskak eta mutilak), mutilen QS 10.000 txapelketa eta nesken lehen mailako (WWCT) surf txapelketa dira Kaliforniako hondartza ospetsuan egiten diren txapelketa garrantzitsuenak eta guztiak atzo bertan amaitu ziren. Txapelketa estrategikoa Huntingtonen, modalitate eta maila desberdinetako txapelketa ugari egiten da uztaila eta abuztua bitartean, eta dudarik gabe, jende gehien biltzen duen munduko surf txapelketa da. Skatea, surfa eta BMX modalitateak dira nagusi, eta horrez gain zerikusi eta zer entzun izaten da Huntingtonen kontzertu eta erakustaldi andana izaten baita. Marka desberdinek antolatutako erakusketak eta promozio ekimenak egiten dituzte. Denetarik aurki daiteke Huntington Beacheko txapelketan, horregatik pilatzen da hainbeste jende eta horregatik da garrantzitsua sponsorrentzat beren ordezkariak han izatea. Olatuen kalitatea, ordea, oso eskasa da Kaliforniako hondartza ospetsu honetan. Itsaskien maiztasuna ez da altua inondik ere eta olatuen kalitatea ere oso txarra da. Olatu txikiak eta ahulak izaten dira, badirudi urtero-urtero olatu berberak daudela. Olatuen altuera eta forma behin eta berriz errepikatzen da, horregatik, orain zenbait urte goi mailako surf zirkuituak osatzeko olatu onak dituzten lekuak bakarrik hautatu behar zirela erabaki zenean, Huntington Beach lehen mailako zirkuitutik kanpo geratu zen. Mutilen kasuan Huntingtoneko txapelketak ez du CT txapelketa batek adina puntuatzen, baina QS mailako txapelketa garrantzitsua da 10.000 puntukoa baita. Mota honetako txapelketak ere normalean ez dira edonon jokatzen, olatu oso onak izaten diren lekuetan egiten dira, baina olatu onak ez dituen leku bat izan arren horrelako txapelketak egiten dira zenbait kasutan, izan ere, jendetza izugarria bildu edo oihartzun mediatiko handia izaten duten lekuak baitira. Esate baterako, Japonian eta Brasilen egiten diren txapelketak ere ez dira olatu bikainetako hondartzetan egiten, baina surfaren industrian kokapen estrategikoa dute. Historia eta istiluak Huntington Beachen aspalditik egiten dira mundu mailako txapelketak. Australiarren eta amerikarren arteko lehia oso gogorra zen garaietan, 80ko hamarkadan, Pipelineko txapelketarekin batera txapelketa garrantzitsuena zen eta Huntingtonen irabazteak ospea ematen zion lehiakideari. Gainera, Huntingtonen diru sariak beste txapelketetakoak baino handiagoak izan ohi dira. Txanda eta gertaera historiko ugari gertatu izan da Huntingtoneko txapelketan. 1986. urtean esaterako, Mark Ochilupo eta Tom Currenen arteko txanda surf lehiaketen historian gehien aipatu izan den txandetako bat da. Bizkarka txapelketa batean egindako lehen 360 graduko bira ere Huntingtonen egin zuen Cheyne Horanek 80ko hamarkada hasieran. Eta horrelako adibide asko jar daitezke. 1986. urtean istilu larriak izan ziren munduko surf txapelketa egiten ari zirenean. Milaka pertsona bildu zen ikuskizunaz gozatu eta festa egiteko, baina jende multzo bat poliziaren aurka oldartu zen eta txapelketa eremuan liskar gogorrak izan ziren polizien eta jendearen artean. 2013. urtean ere gauza bera gertatu zen, jendea multzo handietan dendak asaldatzen hasi zen eta sekulako liskarrak izan ziren. Tyler Wright buru Huntingtoneko txapelketa egin aurretik nesken WCT rankingean lehen bi postuetan zeuden lehiakideak Courtney Conlogue eta Tyler Wright ziren, eta biak final-laurdenetara iritsi ziren. Conlogue kaleratua izan zen, beraz Wrightek aurrera egitea lortzen bazuen rankingeko lehen postua kenduko zion amerikarrari eta horrela izan zen, australiarrak finalerdietarako pasea lortu baitzuen. Final-laurdenetan kaleratua izan zen beste lehiakideetako bat Stephanie Gilmore australiarra izan zen. Sei bider munduko txapeldun izandakoa Malia Manuel surflari hawaiiarrak kaleratu zuen. Ranking orokorrean hirugarren postuan zen eta hiru bider titulu mundiala irabazi duen Carissa Moore hawaiiarra aurtengo faboritoetako bat da, baina Huntingtonen ez zuen zorte handirik izan, laugarren errondan kaleratu baitzuten. Hala ere, egun oraindik hirugarren postuan jarraitzen du WCT rankingean. Ranking orokorrean laugarren postuan zen Johane Defay frantsesak ere ibilbide laburra egin zuen. Iaz Huntingtonen txapela eskuratu zuen lehiakidea bigarren errondan kaleratua izan zen eta ondorioz nabarmen egin du behera ranking orokorrean. Defayk lehen postua eskuratu zuen azken txapelketan Fijin eta horri esker hiru postu egin zituen gora ranking orokorrean, baina azken emaitza kaskarraren ondorioz berriz ere hiru postu egin ditu behera. Orokorrean ez dira aldaketa ikusgarriak izan WCT rankingean, baina egun lehen postuetan dauden lehiakideen eta gainerakoen arteko tartea txikiagoa da. Huntingtoneko txapelketa egin aurretik lehen lau lehiakideek gainerakoek baino askoz puntu gehiago zituzten, eta hori dezente aldatu da azken txapelketa honen ostean. Atzo gauean, egunkari hau inprimatu aitzin oraindik ez genekien nor zen irabazlea. Baina azken orduan jasotako datuen arabera finalerako pasea lortu zuten lehiakideak Tatiana Weston-Web eta Malia Manuel hawaiiarrak izan zirela jakin ahal izan genuen. Beraz, datu horiek eskuan izanda ranking orokorrean zer aldaketa eman diren iragartzea posible da. Horrela, orain Tyler Wright australiarra da buru nesken WCT rankingean. Bere atzetik Courtney Conlogue estatubatuarra, bigarren postuan. Carissa Moore, hirugarren. Laugarren, Tatiana Weston-Web, hiru postu egin ditu gora. Eta bosgarren postuan Stephanie Gilmore. Tahitirako prest Huntingtoneko txapelketaren ostean atseden hartu ahal izango dute lehen mailako neskek abuztuan, WCT itzuliko hurrengo txapelketa irailaren 7an hasiko baita Kalifornian bertan, Trestleseko urautsian. Mutilak ere izango dira Trestlesen, baina aurrez beste geldialdi bat egin beharko dute Tahitin. Gauzak honela, CT itzuliko txapelketa ikusgarrienetako bat hasiko da datorren abuztuaren 19an Tahitin. Teahupooko urautsian jazotzen den ezker olatu borobila munduko arriskutsu eta zailenetako bat da, eta olatu handiak badira zinez muturreko baldintzetan aritu beharko dute munduko 32 lehiakide ospetsuenek. KALITATE FALTA Goi mailako surf zirkuituak osatzeko olatu onak dituzten lekuak bakarrik hautatu behar zirela erabaki zenean, Huntington Beach lehen mailako zirkuitutik kanpo geratu zen. BERDINDUAGO Orokorrean ez dira aldaketa ikusgarriak izan WCT rankingean, baina azken txapelketaren ostean lehen postuetan dauden lehiakideen eta gainerakoen arteko tartea txikiagoa da. WRIGHT BURU Courtney Conlogue final-laurdenetan kaleratu zuten, eta horrela galdu zuen ranking orokorreko lehen postua. Tyler Wrightek ostera, aurrera egin zuen eta egun lehen postuan da.