07 AGO. 2016 MEMORIA HISTORIKOA KARLOMAGNOK 778. URTEAN IRUñEA SUNTSITU ZUELA EKARRI DUTE GOGORA ZARAGOZAKO MUSULMANEN AURKA BORROKATU ONDOREN ETXERAKO BIDEAN ZIRELA, KARLOMAGNOREN TROPEK IRUñEA BIRRINDU ZUTEN 778. URTEAN. EGUN GUTXIRA MENDEKUA HARTU ZUTEN EUSKALDUNEK ORREAGAN, GARAIKO ARMADARIK INDARTSUENA GARAITUZ. ETA BIDE BATEZ, IRUñEKO ERRESUMA EUSKAL ESTATUAREN OINARRIAK JARRIZ. Martxelo DIAZ Bigarren aldiz gogoratu zen atzo Karlomagnoren soldaduek 778. urtean Iruñea birrindu zutela. Harresien ondoan egin zuten ekitaldia, eta “Agur jaunak” kantarekin eman zioten hasiera. Gaizka Aranguren kazetariak oroitu zuenez, duela 1.238 urte birrindutako Iruñea baskoien hiri buruzagia zen dagoeneko eta bertako biztanleek garai hartan ezagutzen zen munduko armadarik boteretsuena zuten aurrean. Urte haietan baskoiek uko egiten zioten frankoek osatu zuten inperioaren zati izateari. Euren askatasuna eta burujabetza nahiago zituzten. Horren ondorioz, basati eta zikintzat jotzen zituzten mende haietako frankoek. Hiru mende geroago ere Aymeric Picaud-ek hitz galantak bota zituen garaiko euskaldunen kontra. Iruñea suntsitu eta egun gutxira, Orreagan mendekua hartu zuten orduko baskoiek, frankoen armada mendean hartuz. Milaka soldadu zerraldo geratu ziren Pirinioetako lepo honetan, horien artean, Errolan komandantea, Karlomagno enperadorearen iloba. Izugarrizko porrota izan zen Europako armadarik indartsuenarentzat. Bide batez, Arangurenek gogoratu zuenez, Orreagako guda lehen euskal estatua, Iruñeko Erresuma, sortzeko abiapuntua izan zen. Zazpi mendez, 1512ko konkista gertatu zen arte, euskaldunen egitura politikoa izan zen, Nafarroako Erresuma izena hartuta. Udalaren parte hartzea Iruñeko alkateorde Joxe Abaurreak loreak eskaini zizkien 778an hil ziren iruindarrei, ikurrinaren, Nafarroako banderaren eta arrano beltzaren aurrean. Garai hartan dagoeneko Iruñea baskoien hiri buruzagia zela gogoratu zuen. Bide batez, ordutik Iruñea «probintzia espainol bateko hiriburu» bilakatzeko ahaleginak izan direla salatu zuen, euskaldun guztien hiriburu izaten segitzen duela gehituz. Datorren larunbatean Orreagan eta Ibañetako lepoan egingo dituzte 778ko gertakariak gogoratzeko ekitaldiak, eta hildako gudarien omenezko plaka ere paratuko dute. Frankoek 778an birrindu zutenean, Iruñea baskoien hiri buruzagia zen dagoeneko