GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Inhar Urruzuno inongo arazorik gabe nagusitu da Bizkaiko finalean


Inhar Urruzunok aurreikuspen guztiak bete, eta aise irabazi zuen Bizkaiko finala. Une honetan gainerakoei alde handia ateratzen die, eta hori bistan utzi zuen Gorlizen jokatu zen finalean.

Etxeberriak ere poz handia eman zuen. 16 urte ditu, eta berea izan zen bigarren postua. Maisu oso ona dauka, Zelai, eta bide horretatik jarraitzen baldin badu, ziur asko maila oso ona emango du kirolari honek. Harri-jasotzaile bakoitzak 100 kiloko harri kopa, pisu bereko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen. Bakoitzarekin aritzeko, 3 minutuko txanda bana izan zuten.

Inhar Urruzunok guztira 87 jasoaldi egin zituen, eta gainerakoei sekulako aldea, ikaragarria, atera zien. 37 jasoaldi eman zizkion kopari, 20 kubikoari eta 30 bolari. Hortik atzerakoen artean ez zen alde handirik izan, jasoaldi gutxi batzuen aldea besterik ez baitzen izan. Aurrenekoarekin, ordea, ikaragarrizko aldea egon zen. Etxeberria gazteak eskuratu zuen bigarren postua eta denera 48 jasoaldi egin zituen; guztira 39 jasoaldiko aldea izan zen, bera eta Urruzunoren artean. 24 jasoaldi eman zizkion kopari Etxeberriak, 13 kubikoari eta 11 bolari.

Hortik atzera, Zubiagak eskuratu zuen hirugarren postua, guztira 45 jasoaldi lortuta. Perezek 41 jasoaldi egin zituen, eta azkena Scott sailkatu zen, 38rekin. 

Gipuzkoako finalak

Aian Gipuzkoako Txapelketako hiru final jokatuko dira etzi, 18.00etatik aurrera. Hantxe ezagutuko dira lasto-altxatzeko, txingako, orga-jokoko eta zaku-eramateko txapeldun berriak. Kirol bakoitzean parte-hartzaile asko izango dira.