18 AGO. 2016 Aizkora Iker Vicentek Txapeldunen Ligako puntuak pilatu eta pilatu jarraitzen du Jon LEUNDA Iker Vicente gaztea indartsu dago, eta astelehenean eta asteartean Txapeldunen Ligan jokatu dituen bi saioetan erakutsi du horrela dela. Irailaren 11n jokatuko da Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa eta bera izango da han arituko den gazteena, baita aurreneko aldiz arituko den bakarra ere, baina finalean sartzeko faborito nagusien artean dago. Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan astelehenean Ruben Saralegiren aurka neurtu zituen indarrak. Hasieran Eneko Otañok izan behar zuen bere aurkaria, baina Beizamakoak ezin izan zuen saio honetan aritu, eta Saralegik ordezkatu zuen. Bi lehengusuen arteko norgehiagoka bihurtu zen, eta faboritoak irabazi zuen. Otsagabikoa zen garaipena lortzeko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin, eta puntuak pilatzen jarraitu zuen bere lehengusua mendean hartuta. Saralegi saiatu zen proba ezberdinetan Iker estutzen, baina ezinezkoa egin zitzaion. Herenegun ilunabarrean Arria V.a izan zuen aurrean, eta errezildarrari ere irabazi egin zion Otsagabiko gazteak. Minutu baten buelta ibili zen amaierako aldea, baina nafarrak eraman zituen puntuak, sailkapeneko goialdean jarriz. Arria V.a bikain hasi zen, beretzat izan baitziren aurreneko probak. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu, eta tamaina bereko enborra erlojuz kontra mozten azkarragoa izan zen errezildarra, baina beste hiru probetan Iker Vicentek bere nagusitasuna erakutsi zuen. Iraupen probara biak iritsi ziren garaipena lortzeko aukerekin, eta borroka ere polita izan zuten, baina amaieran Vicente II.ak eraman zuen garaipena.