GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

«Zergatik?»


Ilunabarra. Taberna bateko terrazan eserita. Laguna tabernara sartu da edaria eskatzera. Haren zain, burrunban tartea eginda alboan dagoen neskatilaren galdera zuzen-zuzenean iritsi zait. Egunkariko orriei begira dago. Hizkiak ondo elkartzeko adinako gaitasuna badu eta Oscar Pistorius atleta kartzelan bere buruaz beste egiten saiatu dela irakurri du eta aitonari bota dio: «Zergatik dago kartzelan?»

Onartu behar dut, sekulako jakin-mina sortu zitzaidan aitonak eman behar zion azalpena entzuteko. Gizonak tenplea mantendu zuen eta Hegoafrikako kirolariak bere neska-laguna hil zuela kontatu zion ilobari, «baina nahi gabe». Lapurrak zirelakoan egin ziola tiro azaldu zion eta, hala ere, epaileak «gajoa» espetxean sartu zuela. Ez nuen ikusi bere aurpegia, bizkarrez zegoelako, baina bere ahots tonua kontuan hartuta, gustura asko geratu zela seinale zuen, sakontasunetan sartu gabe. Ez zion esan badirela euren emazteak eta neska-lagunak jo eta hiltzen dituzten gizonak; agian, beste «zergatik?» bat entzun beharko zuelako; agian, besterik gabeko datua iruditu zitzaiolako; agian, halako aldrebeskeriak entzuteko gaztetxoegia zela uste zuelako...

Ez da halako azalpen eskas bat aditu dudan lehen aldia, Euskal Herriko gatazkari lotutako bateren bat ere tamalez entzun dut, aldrebesa benetan. Sarri ahazten dugu, izan ere, helduontzat konplexuak diren kontuak uste baino errazago ulertzeko gaitasuna dutela; are gehiago, helduok taxuz erantzuten ez ditugun «zergatik» horiek besteek emango dizkieten azalpenetara kondenatzen dituztela.