29 AGO. 2016 ZIRIKAZAN Loditasunarena Josebe EGIA Sumindu samar kontatzen ari nintzaion lagunari estankoko gizonarena. Joan nintzen tabakoa erostera eta hasi zitzaidan esaten aspaldiko lagun bat sartu berri zitzaiola, eta ez zuela ezagutu hasieran. Antza, oso argaldua zegoen, izugarri, «140 kilo zituen lehen; bada, 70 eta 80 bat artean ditu orain, gutxi gorabehera zuk bezala… ezta? Ze zuk zenbat pisatzen duzu, 75 bat, agian?». Goitik behera eta aldetik aldera begira nuen. Ni zur eta lur, pikutara bidaltzeko ezgauza. Kabenzotz! Lagunak kontatu zidan ika-mika izan zuela aurrekoan bikotekidearekin. Joan ziren kontzertu batera eta hantxe hasi omen zen mutil-laguna abeslaria zenbat loditu den komentatzen, asmatu nahian gaixotasunen batengatik izango ote den, edo agian ama izan delako, edo kortisona bidezko tratamenduren bat jasotzen ari delako, edo janariari eroen pare lotu zaiolako (kar-kar). Lagunak bota zion nazkatuta dagoela emakumezko abeslarien itxurari buruzko iruzkin maiztuak entzuten, zergatik ez den sekula harritzen euskal gizonezko abeslari zenbaiten gainbeheraz, edo, beste barik, haien berezko gorpuzkeraz. Mutilak egotzi zion hasia zela etorri feminista askatzen, gauza nabarmen baten gaineko komentario bat besterik ez zuela egin, eta lagunak erantzun hobe duela emakumeok zanpatzen gaituen gizarte-egitura patriarkal nabarmenari erreparatzea eta, bide batez, hark zer-nolako ekarpena edo mesede eza egiten dion aztertzea. Zenbat halako pasadizo bil genitzake emakumeok, haragi gehiago ala gutxiago izan, loditasunarenak txiki-txikitatik emakume guztioi eragiten digun neurrian. Borobilagoei bortitza delako jendarte-mailako presioa, etengabeak txantxa iraingarriak, biraoak, iruzkin maltzurrak, begirada gaitzesgarriak, eta esaldi ustez xaloak: «Zein ederra zeundeke zenbait kilo gutxiagorekin» familiarteko hori, adibidez. Meharrei, berriz, etengabe gogoratzen zaielako nolakoak ez diren izan behar, zenbat balio duen kanpora begira haien gorpuzkerak, aitorpena, miresmena eta maitasuna erdiesteko bidean. Ausartuko naiz esatera ziur nagoela ia emakume orok jasan izan duela bizitzan bolada batez, behintzat, itxura fisikoak eragindako sufrimendua, konplexuen gurpil zoroa, indar handiagoz ala txikiagoz. Ausartuko naiz esatera, gainera, aurrekoa erabat gainditu duenak kostata lortu duela, besteek arinkeriaz irizten diotenari benetan muzin egiten ikasteko irmotasunari esker, alegia. Lodifobia kanpoan dagoelako, baina barruan ere bai, dela gramoka, dela kiloka.