03 SET. 2016 JOKOAK Herri kirolen olinpiadak, prest Euskal Herriko zazpi herrialdeetako kirolariak bertan izango dira, nahiz eta Araba, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ez diren kirol guztietan lehiatuko. Jon LEUNDA Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketa jokatuko da gaur, 17.00etatik aurrera, Donostiako Sagues plazan. Herri kiroletan urteko zitarik handienetakoa izaten da hau, eta herrialde bakoitzeko txapeldunik gehienak bertan izango dira. Saioa sokatirarekin hasiko da, eta 640 kiloko mailan aritu beharko dute. Hasi eta bukatu arte sokatiran jarraian egin beharko dute. Gero, ingude altxatzen, 18 kiloko ingudearekin; lasto altxatzen, bi minutuko txanda; harri jasotzea, 100 kiloko harriarekin bi minutuan; txinga eroatea, orga jokoa, zaku lasterketa, eta trontza eta aizkora, izango dira azkeneko bi lanak. Trontzan, bakoitzak 45 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkio. Aizkoran, berriz, lau 45 ontzako ebaki beharko dituzte. Sari banaketa 19.00 aldera egitea espero dute. Federazio ezberdinek eman dituzte parte hartuko duten kirolarien izenak, eta honako hauek izango dira, Araban: Guillermo Lopez, lokotx biltzen; Jon Lapazaran, ingude altxatzen; Jose Lauzurika, lasto altxatzen; Julen Diaz, harri jasotzen; Kerman Perez de Heredia, txinga eroaten; Oskar Saez de Castillo, orga-jokoan, Sergio Aldasoro, David Izquierdo eta Iñigo Ruiz de Azua, zaku lasterketan; Eloi Kortxero, aizkoran; Juan Carlos Lopez eta Fernando Velez de Mendizabal, trontzan. Sokatiran ez dute talderik aurkeztuko. Bizkaian, berriz, Aritz Martin lokotx biltzen; Ioritz Pereira, ingude altxatzen; Jon Loiola, lasto altxatzen; Inhar Urruzuno, harri jasotzen; Oskar Perez, txingekin; Ousmane Drame, orga jokoan; Joseba Arrien, Mikel Agirre eta Eloy Salteran, zakuekin; Arkaitz Ispizua eta Xanti Zubizarreta, trontzan; eta Aitzol Atutxa, egungo Euskal Herriko txapelduna, aizkoran. Sokarri taldea arituko da sokatiran. Gipuzkoan, Eneko Garmendia, lokotxekin; Izeta III.a, ingudearekin; Tubi, lasto altxatzen; Mikel Lopetegi, harriak jasotzen; Igor Landa, txingekin; Gorka Arreitunaindia, orga jokoan; Lander Otermin, Ekaitz Salcedo eta Patxi Ituarte, zaku lasterketan; Igor Esnaola eta Xanti Aizpurua, trontzan; eta Iñaki Azurmendi, aizkoran. Ibarra arituko da sokatiran. Lapurdin, Michel Giltzou, lokotxekin; Nicolas Nerou, ingudearekin; Anthony Govaert, lastoarekin; Sebastien Martikorena, harri jasotzen; Paxkal Larramendi, txingekin; Jerome Lartzabal, orgarekin; Bixente Andron, Arnaud Lanineta eta Yves salaberri, zakuekin. Trontzan, Jordan Menegaux eta Eric Masse arituko dira eta aizkoran, Patxi Igoa. Zuraide arituko da sokatiran. Nafarroa Garaian, hauek arituko dira: Unai Iantzi, lokotxekin; Imanol Martin, ingudearekin; Iñigo Goienetxe, lastoarekin; Xabier Ariztegi, harri jasotzen; Mielanjel Sukuntza, txingekin; Albaro Zugarrondo, orgarekin; Iñaki Iraizoz, Oskar Aguas eta Oier Aizkorbe, zakuekin. Trontzan Barberena anaiak izango dira, eta Iker Vicente, aizkoran. Sokatiran Beti Gazte lehiatuko da. Nafarroa Beherean, Jeremey Tauillefer, lokotxekin; Jerome Elisalde, lastoarekin; Clement Larramendi, txingekin; Matthieu Apezetxe, orgarekin, eta aizkoran Alex Igoa. Sokatiran, Donazaharre eta Donamartiriko tiralariez osatutako talde bat arituko da. Ingudearekin, harri jasotzen eta trontzan ez dute inor aurkeztuko. Zuberoan, Lionel Petriack, lokotxetan; Xabier Ostiz, harri jasotzen arituko da; Jean Jacques Mendibil, txingekin; eta Pierre Cassuso, orgarekin. Sokatiran, Ñapurrak eta Lagunak taldeetako tiralariekin osatutako talde bat arituko. Beste kiroletan ez dute inor aurkeztuko. Ereñok lehen aldiz irabaziko du Euskal Liga Trapagarango txosnagunean jokatuko da Euskal Herriko Harri-zulatzaileen Ligako azkeneko jardunaldia. Deskalabru handiren bat gertatzen ez baldin bada, Ereñok irabaziko du Liga. Lehen postuan dago sailkapen nagusian, eta proba bat ez beste guztiak irabazi egin ditu. Garaipena lortu ez zuen saioan ere bigarren amaitu zuen. Lehen aldiz aritu da talde hau, eta egin duen denboraldia bikaina izan da. Ereñorekin batera, Errekatxo, Piratak, Burdin Gazteak, eta Kabiezes izango dira lanean arituko diren beste taldeak. 19.00etan hasiko da saioa. J.L. FABORITOAKNafarroa Garaia, Bizkaia eta Gipuzkoa dira txapela irabazteko faborito nagusiak. Une honetan besteen gainetik daude.