08 SET. 2016 Erremontea Endika Barrenetxeak eskailerak binaka igo nahi Javi Urriza txapeldun eta faboritoarentzat hernaniarra da koadroan garapenik handiena izan duen pilotaria. Jon ORMAZABAL Beste kirol askotan bezala, erremonteko txapelketarik garrantzitsuena, banakakoa, eskailera eran antolatzen da. Urte askotako lana izaten da gainerako arerioak gorenetik ikustea ahalbidetzen duena eta Javi Urriza nafarrak hiru alditan lortu du gorenera heltzea. Aurten ere bera da faboritoa, baina behetik gora indartsu datorren Endika Barrenetxea atzelari hernaniarrak ez dizkio gauzak batere erraz jarriko larunbat honetako final handian. Halako partidetan aurpegi berria izan daitekeen arren –bere lehen buruz buruko finala du–, Urriza ez du ezustean harrapatu Barrenetxea horren goian ikusteak. «Egia esan, espero nuen, ikusten nuen urtetik urtera goraka zetorrela eta jakina zen denbora kontua zela halako txapelketa batean burua ager zezan. Pauso bat gora egin du, eta ea azkena beranduago ematen duen», azaldu zuen iruindarrak. Are gehiago, txapeldunaren ustez, hernaniarra da «koadroan azken urteetan goraka gehien egin duen pilotaria. Oso arriskutsua da sakearekin, baina tantoa amaitzen ere badaki eta ezin zaio eroso jokatzen utzi». Gipuzkoarraren aburuz, badaude beste garapen izugarria izan duten beste pilotari batzuk, «esaterako, Imanol Ansa, orain gutxi debutatu eta oso denbora gutxian gora egin duena. Gertatzen da ematen duela azkeneko urte guztietan egindako lana urte honetan kontzentratu dela, aurreko urteetan eskailerak banaka igotzen nituela ematen zuen bezala, oraingo honetan binaka eman ditudala dirudi, baina agian irudipenak besterik ez dira, espero dut bi hankak ondo jarrita izatea». Lehen helburua, beteta Gipuzkoarrak badaki aurkaria irtengo dela faborito, eta horrexegatik, galtzekorik ez duela irtengo omen da kantxara. «Aukera batzuk egongo dira, askorik ez, baina honaino iritsita… Nik egun borobila izan behar dut Urrizari aurre egin edo estutasun batean sartzeko, baina finaleko egunean pilotalekua beteta egoten da, jendeak bultza egiten du eta normalean urduritasuna hobekien kudeatzen duena gailentzen da. Nik, egia esan, finalerdietan tentsio handiagoa nuen, ez nuelako leku berean geratu nahi eta behin hori pasatuta, karga guztia Urrizarri pasatu diot», azaldu zuen. Atzelaria izaki, sakean behar du, derrigorrez, bere armetako bat, baina azken urtean gora egin du nabarmen jokoaren beste alderdietan ere. «Urtean zehar binaka aritzen gara, baina estelarrak jokatuz esperientzia handia lortu dut. Atzelaria izanagatik, sakatzea exijitzen didate, baina baita ere tantoa amaitzea, eustea... eta horrek asko lagundu dit, konfiantzaz nator». Joxe Mari aita Oriamendi enpresako burua izanda, erremontea zainetan darama Endika Barrenetxeak eta finalean bietatik urduriago nor egongo den asmatzea ez da erraza izango. «Zorigaiztoko kointzidentzia» Atzoko aurkezpenarekin gertatu zen, baina batez ere larunbatean gertatuko da, zesta puntako binakako finalak –bihar GARAn informazio gehiago– eta buruz buruko erremonteko finalek elkarri lekua kenduko diotela, ia ordu berean eta elkarrengandik bi kilometro eskasera jokatuko baitira. Gaiaren inguruan galdetuta, Kepa Arroitajauregi, Munduko Pilota Batzarraren zuzendari teknikoak «zorigaiztoko kointzidentziatzat» jo zuen bi ekitaldiek talka egitea. Data lehenago nork jarri zuen eztabaidan sartu gabe, erremonteko arduradunekin hitz egin omen dute halakorik berriz gertatu ez dadin. Aurtengoari dagokionez, euren aldetik eguna aldatzea ezinezkoa izan dela azaldu zuen. «Gure lehen aukera ostirala zen, baina justu Realak jokatzen du eta futbolaren menpe bizi gara. Atzeratzea ere ezinezkoa zaigu, jaialdian parte hartzen duten lau pilotari Danimarkara doaz-eta hurrengo egunean».J.O. TXAPELDUNAK Azken urteetako ohiturari jarraituz, enpresak azken urteetako txapeldunak material aukeraketara eta bazkaltzera gonbidatu zituen, han ziren Intxauspe, Mujika, Matxin II, Aizpuru eta Eizagirre.