08 SET. 2016 IKUSMIRA Kaixo, Peio naiz Imanol Carrillo Kazetaria Kaixo denoi! Gaur bertan, irailaren 8an, 56 egun bete ditut jaio nintzenetik. Oraindik ez naiz kapaz hitz egin eta, are gutxiago, lerro hauek idazteko. Beraz, aitatxori utziko diot lantxo hori, esan nahi dudan guztia adierazi ahal izateko. Lehenik eta behin, eta garrantzitsuena dena, amatxori bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiot, ni mundu honetan egoteko egindako ahalegin ikaragarriagatik. Lehen argi izpiak ikusi ahal izateko ia 30 ordu behar izan zituela oso ondo dakit, baina kontziente naiz ere inondik inora ez zuela indarrik eta pazientziarik galdu nirekin bildu ahal izateko. Gurasoek ahal duten hezkuntzarik onena ematen saiatuko dira datozen urteetan, eta horregatik esan dezaket erabat miresten dudala bizitza eman didan emakume hau. Munduko beste guztiak bezala, dudarik gabe, baina baita gizonak ere, berdintasunean eta errespetuan bizitzen erakutsiko baitidate. Ezin dugu jakin norekin amaituko dugun elkar bizitzen... Larria ez den osasun kontu bat dela-eta, etorkizunean jarduera edo kirola egiterakoan kontuz ibili beharko dudala argi eta garbi, baina zintzo eta naturaltasunez, komentatuko didate aitatxok eta amatxok behin baino gehiagotan. Badakit kezka handiarekin biziko direla hara eta hona korrika edo jolasten nabilenean, baina badakit ere askatasun osoz edozein jarduera egiten utziko didatela, futbola edo pilota zein patinaje edo gimnastika artistikoa izan, adibide gutxi batzuk jartzearren. Egiten dudana eginda ere, oso argi daukat bion maitasuna jasoko dudala egunero, minutuero, segundoero. Izan ere, gertatu zaien gauzarik onena bainaiz, eta azken hau amatxok eta aitatxok esana da.