Aberats
Urduri dago. Ezin dio hankak eta eskuak mugitzeari utzi. Uste du ez zaiola nabaritzen, baina berehala antzeman diot. Arkatza, ezabagoma eta margoak sartu ditu estutxean, estreinatu gabeko liburuak karpetan, eta irribarrez abiatu da. Irrikan dago lagunak ikusteko, ikasgela eta irakasle berria ezagutzeko. Jolasean aritzeko, irakurketan eta idazketan trebatzeko... Zenbat erronka aurretik!
Egun garrantzitsua da beretzat, eta gogoratu dut ni ere halaxe egoten nintzela. Nagikeria baino ilusio handiagoarekin itzultzen nintzen eskolara. Unibertsitateko lehen egunean ere gisa berean joan nintzen, pozik gerora lanbide izango nuena ikasten hasteko eta parez pare irekitzen zitzaidan mundu berri horretan sartzeko. Oraindik ere ikasten jarraitzen dut, egunero irakaspen berriren bat jasotzea baita ofizio honen gauza ederrenetako bat.
Iratxe Esnaolari entzun nion aurrekoan “Denon Herria” proposamenaren aurkezpenean hezkuntzak duen garrantziaren tamainaz ideia bat egiteko moduko baieztapena; alegia, hezkuntzak definitzen duela herri batek nolako etorkizuna izango duen. Horrexegatik da herri hau eraikitzeko funtsezko osagaietako bat hezkuntza proiektu sendo bat garatzea, gizartea aberastuko duena. Eta aberastasunaz hitz egiten dudanean, termino ekonomikoez harago nabil.
Herri aberats bat da herritarrak jakitun egiten dituena; berdinetik berdinera tratatzen dituena, parekidetasunean; bertakoa edo etorkina izan, baldintza duinetan bizitzeko aukera ematen duena. Eta hori lortzeko gizarte oso bat hezi behar da, guztiok betaurreko berberekin ikus dezagun aberastasuna.