12 SET. 2016 Eskalada «Apriet€xit», estutzeko bide berria Peña Montañesan Arrazoi ezberdinengatik, Fernando Peralta, Chemari Andres eta Mikel Saez de Urabainek hiru urte beharizan dituzte proposamena sortzeko. 240 metro luze da, eta gehienez ere 7c zailtasuna dauka. Andoni ARABAOLAZA Peña Montañesako Libro Abierto paretak proposamen berri bat du: “Apriet€xit” izena du, eta haren egileak Fernando Peralta, Chemari Andres eta Mikel Saez de Urabain ditugu. Beste behin, batez ere azken bi eskalatzaileei dagokienez, argi geratu da Peña Montañesak harrapatuta dituela. Hango hormatzarretan hainbat sinadura utzi dituzte, eta, ohi den bezala, oraingoak ere ukitu alpinoa du. Azken ezaugarri hori kontuan hartuta, eskalatzaileok inguru horretako sektore urrun batean jardun dute: Libro Abierto. Eta hiru urteko joan-etorrien ostean, 240 metroko eta sei luze dituen “Apriet€xit” marra zabaldu dute. Behetik zabaldu ere. Zailtasun teknikoak ere ez dira samurrak, batez ere azken bi luzeetan; izan ere, 7c gradukoak dira. Beraz, ukitu alpinoa duen (bi joko friend, beste bi joko mikrofriend eta fisurero sorta bat eraman behar dira) eta ondo estutzea eskatzen duen proposamen interesgarri baten aurrean gaude. «Ez du ezer oparitzen» Saez de Urabainek aurreratu digunez, “Apriet€xit” bidea biribiltzea kostatu egin zaie: «Hiru urte behar izan ditugu; gainera, urte zailak izan dira. Lehen ukituak Fernando eta Chemarik eman zizkioten. Lehen saio horretan hirugarren luzera heldu ziren. Ondoren, Chemari eta biok xedearekin aurrera jarraitu genuen. Baina, saioetako batean Chemarik min hartu zuen eta erietxetik pasa behar izan zuen. Osatu eta indarrak berreskuratu ondoren, sormen-lana bukatzeko aukera izan dugu biok». Aurreratu dugu ere marra berria urrun dagoen Libro Abierton zabaldu dutela. Bidearen oinarrira heltzeko bi ordu eta erdi ibili behar dira. Horretaz gain, eskalatzaile gipuzkoarrak paretak duen orientazioa azpimarratu nahi izan du: «Arrokaren kalitatea ona da, baina urrun dago eta orientazioak eskalada asko baldintzatzen du. Hotza edo bero handia pasa daiteke, eta hori estutzeko arazoa da». Eta azken eite hori aipatu dugunez, bidea errepikatu nahi duenak jakin behar du 7c dela gainditu beharreko gradua: «Azken bi luzeak 7c zailtasunekoak dira, baina azkena galdera ikur batekin utzi dugu. Berez, kateatuta dago, baina soka gainetik. Nik dakidala behintzat inork ez du ‘Apiet€xit’ errepikatu». Jaitsierari dagokionez, Saez de Urabainek dio bi aukera daudela: «Lehena, oinez, Mayor izeneko kanaletik. Eta bigarrena, Arkaitz Yurrita, Eneko Cesar eta hirurok zabaldutako ‘Txingorra’ bidetik rapelatzen».