12 SET. 2016 Eskalada «Marejada Fuerza 6» bideakpuntu gorria jaso berri du Picu Urrielluko mendebaldeko paretan duela 31 urte zabaldutako marra (A4) askatu dutenak Eneko eta Iker Pou anaiak eta Neus Colomizan dira. 12 orduko saioan eskalatu dute. Gehienez 8a+ zailtasuneko luze bat gainditu behar izan dute arrisku handiko ahaleginean. Última actualización: 12 SET. 2016 - 06:19h Andoni ARABAOLAZA Azkenean lortu dute. Uda osoa jo eta su jardun ondoren, Eneko eta Iker Pou anaiek eta Neus Colomek Picu Urrielluko mendebaldeko horman den “Marejada Fuerza 6” bideari puntu gorria jartzeko aukera izan dute. Hori pasa den astean izan zen. Bitartean, hirukoteak asteak eta asteak igaro ditu duela 31 urte era artifizialean (A4) zabaldutako marra hori era askean igotzeko zirrikituak bilatzen eta gainditzen. Banan-banan luze guztiak kateatu ondoren, protagonistok 12 orduko saioan lortu dute “Marejada Fuerza 6” askatzea. Pou anaiak ezagututa, ez da harritzekoa beren azken erronka Picu Urrielluko mendebaldeko hormatzar mitikoan kokatzea. Askok diote (eskalada alpinoari dagokionez, jakina) Picu Urriellu haien bigarren etxea dela. Eta hori egia borobila da. Poutarrek pareta horretan egin dituzten ekarpenak ugariak dira. Eta uste dugu gogoratzeak merezi duela: “El Pilar del cantabrico” (era askean eta egunean), “Zunbeltz” (lehen igoera askea), “Quinto Imperio” (lehen igoera librea eta egunean), “Lurgorri” (zabaldu eta puntu gorria jarri zioten) eta “Orbayu” (ireki eta igoera librea). Bideoi buruz bere garaian luze eta zabal idatzi genuen; orain, berriz, “Marejada Fuerza 6” bidean geldialdia egingo dugu. Lehenik eta behin aipatu behar dugu duela 31 urte Jose Manuel de la Fuente eta Manolo Gonzalezek bederatzi eguneko saioan zabaldu zutela. Garai haietarako sokada horrek egin zuen lana txalogarria izan zen. Jakina, era artifizialean zabaldu zuten, eta gehienezko zailtasuna A4 izan zen. Ondoren, soilik beste errepikapen bat izan du; hau ere artifizialean. Picu Urrielluko beste xedeetan bezala, Pou anaiek mendebaldeko aurpegiko marrei “beste itxura bat” eman nahi izan diete, eta, apustu handia eginez, oraingoan ere artifizialean zabaldutako bide bat askatzera ausartu dira. Ausartu eta lortu egin dute. Zailtasunari dagokionez, ez da gasteiztarrek agertoki horretan eskalatu duten biderik zailena, ezta gutxiagorik ere. Baina “Marejada Fuerza 6” bideak kontuan hartzeko beste osagai batzuk izan ditu. Protagonistek onartu dutenez, oso arriskutsua da eta konpromiso handia eskatzen du. Horrekin esan nahi dugu balizko eroriko handiak dituela (baten bat 30 metrokoa), istripu larria izateko aukera handiak daudela eta bidean zehar seguru gutxi eta txarrak (marra zabaltzerakoan utzitakoak) dituela. Beste era batera esanda, eskalatzaileok zailtasun teknikoari baino erronka psikologikoari garrantzi gehiago eman diote. Datu praktikoetan, Pou anaiek hori guztia azaltzeko lau luzetan bizitakoa kontatu dute. Bigarren luzean (7c), adibidez, arroka txarra eta seguru finko bakarra dago. Hirugarrenak (8a+ edo A3), hots, teknikoki zailenak bi seguru finko ditu. Bosgarrenari (7b+ edo A4) buruz diote arriskutsuena dela. Bi seguru finko ditu eta balizko eroriko batek erlaitz batera eramaten du. Eta seigarrenak (7c edo A3), azkenik, hiru seguru finko ditu. Bide korapilatsua Arestian aipatu dugun bezala, Picu Urrielluko azken erronkan hiru protagonista izan dira. Colom mallorcarrak bere laguntza eskaini die arabarrei. Eta, ohi den bezala, Poutarren gazteenak, Ikerrek, luze zailenetan sokadaren ardura hartu du. Iker Pou berak azaldu bezala, “Marejada Fuerza 6” bideak asko eskatu die era askean eskalatzeko: «Hiru hilabetez izan gara bide horretan, eta, egia esan, han eginiko lana ez da ez batere erraza izan. Uste genuen baino marra nahasiagoan jardun dugu. Bidea zabaldu zutenek oso material gutxi utzi zuten, eta horregatik era askean igotzeko ibilbidea ondo baino hobeto irakurri behar izan dugu. Ezkerrera, eskuinera, gora, behera... asko nabigatu behar da. Beste era batera esanda, Picu Urrielluko ohiko nabigazio teknikoa da. Mendebaldeko aurpegi horretan era askean egin ditugun beste bide batzuetan irakurketa askoz ere samurragoa izan da. Material finko gutxi zuenez, friend eta fisurero asko erabili behar izan ditugu, eta saioetan bizi izan dugun arriskua azpimarratzekoa da». 500 metro aurretik, baina, berez, “Marejada Fuerza 6” Rocasolanon bukatzen da; izan ere, puntu horretan “Rabada-Navarro” bidearekin bat egiten du. Oro har, Ikerrek dio bidearen zailtasun handienak lehen luzeetan daudela: «Zailtasun handienak, berez, bidearen erdira bitarte kokatzen dira. ‘Desplome de la Bermeja’ izeneko tartean luze gogorrak daude. Ondoren, marraren zatirik tenteenera heltzen zara. ‘Mediterraneo’ marra zeharkatzen duzu; gogorra izaten jarraitzen du. Jarraian, A4 graduko luzeak daude, era askean eskalatzeko oso arriskutsuak direnak, eta A2+ graduko beste batzuk ere. Horiek guztiak dira zati zail eta nahasienak. Amaiera aldean, berriz, beste luze bat ere gogorra egin zaigu». “Marejada Fuerza 6” bideak dituen seguruei buruz, aurreratu dugu gutxi, txarrak eta zaharrak direla. Poutarrek parabolt gutxi batzuk baino ez dituzte gehitu, baina, hala ere, argi eta garbi utzi nahi izan dute era askean igotzeko konpromiso handia eskatzen duela: «Marraren lehen luzeak (7c edo 7c+ gradukoak) garbi daude, eta zeure burua friendekin babestu behar duzu. Laugarrenean, adibidez, soilik bi parabolt daude; babesteko 40 metro gogor dira eta balizko erorikoak oso handiak. Eta hortik gora, ezaugarri horiek aurkitzen dituzu: 40 metro, eskalada gogorra, zaila babesteko... Argi eta garbi esan behar dugu luze batzuetan eroriko bat izatea oso larria izan daitekeela. Erlaitzak daudenez, oso seguru eta fin eskalatu behar duzu. Horretaz guztiaz gain, aipatu behar dugu bileretan denetarik aurkitu dugula. Lehenengo errepikatzaileek, bidea zabaldu zutenen baimenarekin, bilera batzuk indartu zituzten. Adibidez, buril baten ordez parabolt bat jarri zuten. Baina badira bilera batzuk iltzeekin eginak daudenak, eta segurtasunarengatik horietan guztietan gauzak ondo egin behar dira». “Marejada Fuerza 6” marran lan eskerga egin ondoren, protagonistok banan-banan luze guztiak askatu zituzten. Baina Poutarren filosofia ezagututa, argi zegoen beren helburu nagusia luze guztiak behetik hasita lotzea zela. Eta egun baten buruan bazen, bada askoz ere hobeto. Eta, jakina, hori guztia lortzeko aukera izan dute azkenean: «Bidea behetik hasita eta egun bakarrean sinatzea handia izan da. Gu, bederen, pozarren gaude ‘Marejada Fuerza 6’ xede bezala aukeratzeagatik. Bide horrek betidanik harrapatu gaitu. Uste dugu marraren izenak oso ondo adierazten duela bideak ordezkatzen duena; hots, asko nabigatu behar da. Gainera, oso estetikoa da. Zabaldu zenetik 31 urte igaro dira, eta oso eskalatzaile gutxi ausartu dira bide horretan sartzen. Picu Urrielluko mendebaldeko aurpegian askatzeko geratzen zen bide garrantzitsuenetarikoa zen. Teknikoki ez da pareta horretan era askean eskalatu dugun zailena. Guk uste dugu hori ‘Orbayu’ dela. Baina, aldiz, psikologikoki ‘Marejada Fuerza 6’ marrak beste batzuek baino askoz gehiago eskatu digu. Arriskua, konpromisoa... hori guztia ere kontuan hartu behar da». ARRISKUTSUA Nahiz eta zailtasun teknikoari dagokionez gehienez ere 8a+ den, Pou anaiek benetako garrantzia ematen diote bai bideak duen arriskuari bai eskatzen duen konpromisoari. EGUNEAN Hiru hilabeteko lana izan da, eta aldez aurretik luze guztiak banan-banan kateatu zituzten. Alabaina, helburu nagusia behetik hasita egunean eskalatzea zen, eta azken saioan 12 orduan lortu dute. ERA ASKEAN Neus Colomek eta Eneko eta Iker Pou anaiek Picu Urrielluko mendebaldeko paretan dagoen «Marejada Fuerza 6» bideari puntu gorria jarri diote.