GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Iparragirre 200eko errektangularra bizkarrean berdintzen saiatuko da


Jendeak kirolari berriak ikusi nahi izaten ditu, eta horretarako aukera paregabea izango du bihar eguerdian Mutrikuko Kalbario auzoan, 12.00etan Josu Iparragirre harri-jasotzaile azpeitiarra arituko baita bertan lanean. 200 kiloko harri errektangularra jaso nahi du, marka pertsonala lortzeko.

Ofizialki plazetan aritu gabea da azpeitiarra, eta horrelako marka egiten duen lehen aldia izango du. Herriko gazteak ere herri kiroletan arituko dira, eta jaialdi benetan dotorea aurreikusten da.

Ez da, ordea, hori izango aste honetan Kalbarion egiten den herri kirol jaialdi bakarra, bertako egunean, asteazkenean, egin baitzen beste bat. Horretan ere harri-jasotzaile bat izan zen protagonista; Jokin Eizmendi. Aritza harri-jasotzaile handia izandakoaren harri guztiak jaso zituen. Hori orain artean Aritzak berak, Iñaki Perurenak, Goenatxo II.ak eta Joseba Ostolatzak bakarrik zuten lortua, eta orain kirolari zarauztarra ere zerrenda horretan sartu da. 

Harri zaharrak dira, jasotzen batere errazak ez direnak, baina zarauztarrak, bata bestearen atzetik jasoz, denak berdindu zituen bizkarrean, batu zen jendetzaren txalo artean.

100eko zilindroa jaso zuen aurrena, eta ondoren pisu bereko kubikoa, 125eko zilindroa, 137ko errektangularra eta 150eko zilindroa. Horiek jasota, tartetxo bat hartu zuen. Behin indarrak berritu zituenean, 170eko kubikoa eta 188ko kubikoa berdindu zituen bizkarrean, eta horren ostean beste tarte bat egin zuen. Horren ondoren, 200eko koadroa, eta pisu bereko zilindroa jaso zituen. Beste tarte bat egin, eta 175eko koadroa eta 190ekoa altxatu zituen. Behin horiek berdinduta, 175eko beruna geratzen zitzaion, eta hori ere aurrenekoan jaso eta helburua bete zuen. Horrela, orain dela 100 urte onenetakoa zen harri-jasotzailearen harriak jasotzen bosgarrena da egun, eta orain arte hori lortu dutenak ere ez dira edozein.