19 SET. 2016 Aizkora Azurmendi Txapeldunen Ligako finala jokatzeko moduan izango da Arriarangoak Donato Larretxea hartu du mendean saio erabakigarrian.Atutxa, Vicente II.a eta Arria V.a ere Basauriko finalean izango dira. Jon LEUNDA Iñaki Azurmendik mendean hartu zuen atzo Samaniegon Donato Larretxea, eta Arriarango aizkolaria urriaren 12an Basaurin jokatuko den Txapeldunen Ligako finalean arituko da. Han, Iker Vicente, Aitzol Atuxa eta Arria V.a izango ditu aurkari. Proba ezberdinak egin behar izaten dituzte lehiaketa honetan, gehienak laburrak, eta, askotan gertatzen den moduan, iraupen proban erabaki zuen Iñaki Azurmendik. Proba laburretan Donato Larretxea aurretik aritu zen, eta 30 segundoko tartea ere izan zuen alde, baina, azkenean, iraupen proban alde handia lortu ez baldin bazuen ere, aizkolari gipuzkoarrak aurka zuen aldea irauli eta finalerako txartela lortu zuen. Finala, gainera, dotorea geratu da, lau aizkolari handi bertan izango baitira. Azurmendik kolpea jaso zuen pasa den astean Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketan, urte asko eta gero finaletik kanpo geratu baitzen, eta Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligakoan izateak apur bat gozatuko du, nahiz eta Euskal Herriko finalarekin zer ikusirik ez duen honek izango. Hala ere, finalean izango da, eta hori beti izaten da erakargarria eta pozgarria aizkolari guzti-guztientzat. Kopa Urrezko Liga amaitzerako, Urrezko Kopa hasi dute, eta jadanik bi kanporaketa ere jokatuta daude. Hala, hurrengo kanporaketarako txartela eskuratuta daukate dagoeneko Mieltxo Mindegiak eta Luix Txapartegik. Aurrenekoak Jexuxmari Mujika utzi zuen bazterrean, eta bigarrenak, berriz, Xabier Zaldua menderatu zuen, hurrengo kanporaketarako txartela lortuz. Orain, datozen asteetan lehiaketa honekin jarraituko du aurrera Egur Sportek.