22 SET. 2016 KOLABORAZIOAK Erabakitzeko eskubidearen preso politikoak Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta Aralarreko idazkari nagusia eta presidentea Francesc Homs, Partit Democratá Catalá-ko eleduna, Epaitegi Gorenera deitu dute. Lehenagotik Carma Forcadell, egungo Catalunyako Parlamenteko lehendakaria, salatuta dago. Baina guzti honek ez du Catalunyako Proces delakoa geldituko edo galgatuko, baizik eta agian bultzatuko eta astinduko. Estatuko hiru botereen artean, garbiena eta askeena izan beharko lukeena, Justiziaren boterea alegia, helburu politikoen esanetara jarri dute, Homs jaunak adierazi duen bezala. Homs jaunaren epaia emanik dago, zentzugabeko Otegiren epaia emana zegoen bezalaxe. Gaitasungabetu edo inhabilitatu egin zuten Otegi, Homs eginen duten bezalaxe; eta biak –Otegi eta Homs– ustezko justiziaren egiturek hartutako erabakien bitartez. Estatu batek politika judizializatzea politikaren apustua galdu duen seinale da. Catalunyaren eta Alderdi Popularraren kasuan aspaldi gelditu da hori guztia agerian. Ezin da ahaztu Alderdi Popularrak ekoizpen eta produktu katalanen kontrako kanpaina bultzatu zuela eta erreferendum irekian eta legalean onartutako Estatut delakoaren aurka sinadurak bildu eta helegitea aurkeztu zuela eta –epaitegi politikoa den– «bere» Epaitegi Konstituzionalak aldatu egin zuela erreferendumean onartutako estatut hura. Espainia «handi eta banaezina» helburu nagusitzat duten horiek «beren» legea ezartzen dute demokraziaren gainetik eta hori onartezina da. Demokraziak beti lege guztien gainetik egon behar duelako eta erabakitzeko eskubidea demokraziaren ezinbesteko zatia delako. Euskal Herrian ezin dugu ahaztu Catalunyan gertatzen denak eragin zuzena eta erabakigarria duela gurean. Batetik, jendartea dinamikoa delako eta historiaren arabera mugitzen ez dena zaharkitua eta baliogabetua gelditzen delako; bestetik, gainera, gure eskubide pertsonalak eta kolektiboak ukatzen dizkigun estatuak jokabide bera erabiltzen duelako Catalunyan eta Euskal Herrian. Catalunyako prozesua ez zaigu arrotza euskaldunoi eta euskal politikari edo indar politiko aurrekoi den orok babestu eta lagundu egin beharko luke. Are gehiago, estatuko indar politiko aurrerakoi eta demokratiko guztiek errespetatu ez ezik, lagundu egin beharko lukete Catalunyako ibilbidea, Homs eta bere kideen eskubide politikoak errespetatzetik hasita. Estatutuak ez ziren bete eta aspaldian zaharkituta gelditu dira, eta beren eraberritzea onargarria izatekotan erabakitzeko eskubidearen ahalmen politikoa jaso beharko dute; bestela ezin izango baitiete euskal herritarren behar eta premiei erantzun. Zentzu honetan, «subiranotasun konpartitua» bezalako lelo eta aldarriak hutsegite sakona dira, baldin eta tranpak ez badira; alde batetik, estatuari eta estatuko indar atzerakoienei beto eskubidea oparitzen dietelako eta, bestetik, erabakia eta hitzarmena nahasten dituelako; zera, alegia, bien edo askoren artean itundu edo hitzartu egin liteke, bakoitzak banaka erabaki baldin balezake. Izan ere, trikimailu hori oso zaharra da, –forua edo lege zaharra pakzioa edo paktua dela dioen leloa baita– orain berri-berriki asmatua balitz bezala saldu nahi badute ere. Erabakitzeko eskubidea poliki-poliki aurrera doa hainbat ekimenen bitartez; hasi Idiazabaldik, pasatu Igeldotik eta Itsason asteburu honetan… Galdeketa xumeak, baina aurrera daramatenak, urratsak bailiran. Estatuak ez dezake jasan erabakitze eskubidearen preso edo errepresaliatu politikoak Catalunyan eta Euskal Herrian izatea. Aldaketa badator, nahiz eta azken uneko atzaparkadak izaten diren askotan mingarrienak. Gogoratu, XIX. mendean estatuak foruen kontra guduak –karlistadak– egin zituen; gero XX. mendeko lehen erdian «foruak bai, estatutua ez» aldarrikapena defendatzen zuen; mende bereko bigarren erdian berriz, «estatutua bai, erabakitzeko eskubidea ez» deiadarra egin zuen bere ezaugarri eta horretan diraute atzeratuenek, baina azkarrenek dagoeneko «erabakitzeko eskubidea bai, independentzia ez» mailara jauzi egin dute. Homs eta bere kideei elkartasun osoa adieraziz, Euskal Herriko etorkizunarekin bat egin nahi dugu eta EAEko datorren legealdian erabakitze eskubidearen arloan urratsa egitea –azkeneko igaro berrian ez bezala– beharrezkoa dela deritzogu. Urrats hori egiteko, lehenengo, Urkullu-eta erabiltzen duten «subiranotasun konpartituaren» leloa tranpa zahar bat ez ezik, Madrileko gobernuari «betoa» oparitzea dela ohartarazten dugu. Catalunyako prozesua ez zaigu arrotza euskaldunoi eta euskal politikari edo indar politiko aurrekoi den orok babestu eta lagundu egin beharko luke