24 SET. 2016 Aizkora Vicente buru dela jokatuko da Nafarroako kanporaketa Bederatzi aizkolari lehiatuko dira bihar Uharte-Iruñean, eta aurreneko bost sailkatuko dira finalera. Jon LEUNDA Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da bihar, 17.30ean, Uharte-Iruñeko pilotalekuan. Ia urtero leku berean izaten da maila honetako kanporaketa eta aurten ere ez du hutsik egingo. Jakina den bezalaxe, Floren Nazabal ez da arituko, jadanik aizkora utzia duelako. Horrek ondorio bat ere ekarriko du; izan ere, azkeneko sailkatuak bakarrik galduko du Lehenengo Maila. Finala, berriz, bihar aurreneko bost postuetan amaitzen duten aizkolariek jokatu ahal izango dute, eta txapelaren lehia hori azaroaren 18an Donezteben izango da. Iker Vicente, Juanjo Lopez, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Donato Larretxea, Julen Kañamares, Ander Erasun, Aitor Senosiain eta Asier Pellejero arituko dira lanean. Kirolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Finalean izateko faboritoak aipatzean, eta Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketako kanporaketa kontuan hartzen bada, garbi dago Iker Vicentek eta Juanjo Lopezek finalean sartu beharko luketela, baita Rekondok ere. Larretxea jadanik ez da Euskal Herrikoan aritzen, baina Nafarroakoan bai, eta normalean berak ere sartu beharko luke. Saralegi ere Euskal Herriko Lehen Mailan aritu da, eta, askoren ustez, berak izan beharko luke. Hori da aurrez uste dena, eta uste horren arabera beste lauen artean egongo litzateke mailari eusteko txartela. Halere, gauza bat izaten da ustea eta beste bat eguneko emaitza, eta garbi dago aizkolari guztiak hartu beharko direla kontuan. Inongo zalantzarik gabe, bai finalean sartzeko, bai eta mailari eusteko borrokan ere, lehia handia eta gogorra izango da. Kanporaketa irabazteko faborito nagusia Iker Vicente da; bera da lehiaketa honetako aizkolaririk gazteena, baita egungo txapelduna ere. Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketan ere bera izan zen onena, eta, dudarik gabe, bai biharkoa irabazteko bai txapela lortzeko faborito nagusia da. Ikaragarrizko sasoia erakusten ari da, eta, zalantzarik gabe, Euskal Herriko kanporaketan lortu zuenak ere sekulako indarra emango zion. Hala ere, biharko helburua finalean sartzea izango da, nahiz eta garaipena lortzeak ere beti emango duen bai indarra bai poztasuna.