GARA Euskal Herriko egunkaria

Hezkuntza Legearen legealdia izatea espero du Ikastolen Elkarteak

2016-17 ikasturteko irekiera ekitaldian, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak gaurko hauteskundeen osteko legealdian Hezkuntza Legea ez lortzea «porrota» litzatekeela esan zuen. Kronograma bat egin eta eztabaida abiatzea eskatu zuen, «zabala eta betorik gabea».


Gaur egingo diren hauteskundeetako emaitzak gorabehera, datorren legegintzaldiak Hezkuntza Legearen legegintzaldia izan behar duela adierazi zuen atzo Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, ikastolen 2016-17 ikasturtearen hasiera ekitaldian. «Kontuan hartzen badugu hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi nagusiek, denek, azaldu dutela Hezkuntza Legea egiteko asmoa, uste eta desio dut bozen emaitzak gorabehera, Hezkuntza Legearen legegintzaldia izango dela ondorengoa», nabarmendu zuen, eta erantsi legerik onartzen ez bada «porrot itzela» izango litzatekeela «guzti-guztiontzat».

«Legea lortzeko guk baino presa gutxiago daukaten eragileak badira», onartu zuen, «baina ezin dugu legegintzaldia galtzen utzi. Kronograma bat ezarri beharko litzateke legegintzaldi berria abiatu bezain laster», azpimarratu zuen. Legea egiteko orduan, hezkuntza eragileen partaidetza eskatu zuen: «Ezinbestekoa izango da eragileon parte hartzea, eta adostasunak bilatzea ere bai. Eztabaidatzeko prest gaude, baldintzarik gabeko eztabaida bat nahi dugu, betorik gabea, zabala eta sakona».

“Berritzen, hobetzeko” leloarekin ospatu zuten ikastolek ikasturte hasiera. Hala, ikastolak murgilduta dauden berrikuntza pedagogikoak hizpide izan ziren. Besteak beste, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osora hedatu da aurtengo ikasturtean. Lehen Hezkuntzan, berriz, eredu hori bera esperimentatzen hasi dira seigarren mailan eta eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa jarriko dute martxan 52 ikastolatan.

«Euskara, euskal curriculuma eta konpetentziak oinarri hartuta, hezkuntza paradigma berri batera egin dugu jauzi. Edukiak ikasi eta irakastetik, bizitzan zehar izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnez eta baliabidez hornitzera igaro dira ikasleak». Nabarmendu zuenez, horretan «aitzindariak izan gara», alegia, konpetentzietan oinarritutako eredua garatzen. «Bakarrak gara material hori guztia digitalizatzeko gai izan garenak», gaineratu zuen Tellituk.

Egindako bidearen balorazioa

Etorkizunaz eta orainaz bakarrik ez, egindakoaz ere balorazioa eskaini zuen Tellituk. Heziberri 2020 egitasmoa «lorpen» gisa nabarmendu zuen, eragile «ia guztiekin» adostutako hezkuntza markoa dela iritzita. Aitzitik, Curriculum dekretuak deitoratu zituen, «Lomce-ri aurre egiteko aukera galdu» delakoan. Azkenik, Heziberriren hirugarren fasea, Hezkuntza Legea abiatu behar zuena, ez garatu izana alde negatiboan jarri zuen.

Teknologia berriak garatzeko orduan, azken lau urteetako Lakuako gobernuak aurretik Patxi Lopezen exekutiboak egindako «hanka sartze bera» egin duela esan zuen. Alegia, «lehentasuna dispositiboetan jarri izana, helburuen eta ikasketa prozesuen gaineko plangintza bat egin gabe, eta euskarazko kalitatezko eduki digitalak bultzatu gabe».

Datu positibo gehiago

Nafarroari dagokionez, pozik agertu zen gobernu berriarekin izan diren aurrerapauso batzuengatik, besteak beste, aurreko gobernuak ikastolen ikas materialei ezarritako debekua altxatu izana eta “eremu ez euskaldun” izendatutako horretan ikastoletako jangela eta garraio gastuen finantzaketan urratsak egin izana.

Eta, azkenik, Ipar Euskal Herriari dagokionez, Seaskak izan duen hazkundea goraipatu zuen Tellituk: 2009an Seaskako ikastoletan 2.200 haur zeuden bitartean, 3.500 daude egun. Horrek eskatutako inbertsioari aurre egiteko euskal gizartearen eskutik zein erakundeetatik jasotako babesa eskertu zuten.