01 OCT. 2016 Aizkora Igantzin abiatuko da aizkora lehiaren hilabetea Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatuko dute gaur, 18.00etatik aurrera. Jon LEUNDA Aizkolarien hilabetea izango da urria; izan ere, hil honetan erabakiko dira Euskal Herriko hiru mailak, eta gainera beste final batzuk ere jokatuko dira, tartean Nafarroako Bigarren Mailakoa eta Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligakoa ere bai. Hasteko, Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatuko da gaur, 18.00etan, Igantziko pilotalekuan. Bi kanporaketa jokatu ziren, eta bakoitzeko hiru onenak neurtuko dira txapela lortzeko asmoz. Aurreneko biek, gainera, saria izango dute, datorren urtean Euskal Herriko Bigarren Mailan aritzeko txartela lortuko baitute. Joxeantonio Etxeberria, Oier Kañamares, Jokin Alkizalete, Asier Pellejero, Aitor Urteaga eta Eneko Saralegi jardungo dira norgehiagoka horretan. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar ditu finalean zehar. Faboritoak bilatzen dira beti horrelako finaletan, baina honetan ez da lan erraza. Kanporaketei begiratuz gero, alde handirik ez da ikusten. Joxeantonio Etxeberria izan zen orduko onena, baina 12 segundo bakarrik atera zizkion Pellejerori eta 16, Oier Kañamaresi. Seien artean ere oso alde txikiak izan ziren, 46 segundoko tartea baino ez baitzen egon. Hor sartu ziren finalean dauden guztiak; beraz, ikusten da ez dela alde handirik izango. Ia aizkolari guztiak oso gazteak dira, baina eskarmentua sobera dutenak. Pellejero bigarren izan zen kanporaketan, baina aurten Nafarroako Lehen Mailan aritu da, nahiz eta maila galdu duen. Saralegi ere urte askoan dabil hor, nahiz eta adinez oraindik oso gaztea den. Etxeberria ere berdin. Ia denek badakite hau zer den, eta lehia handia espero da. Lana ez da kanporaketako berbera izango, baina finalean ere ez da handia. Urduritasuna kontrolatzea ere oso garrantzitsua izango da, honelako lanetan deskuidu bat nahikoa izaten baita aukerarik gabe geratzeko. Enborra erdibitu ezinik geratzen denak garesti ordain lezake, hor galtzen dituen segundoak erabakigarriak izan baitaitezke; enborra ongi erdibitzen duenak irabazteko asko izan dezake. Nafarroakoa Bihar, berriz, 13.00etan Etxarri Aranatzeko pilotalekuan, Nafarroako Bigarren Mailako finala jokatuko da, eta gaur Igantzin izango diren hiru aizkolari bihar Etxarrin izango dira. Hor ere sari potoloa izango da, aurreneko biek lortuko baitute Nafarroako Lehen Mailara igotzea. Mieltxo Mindegia, Iban Resano, Eneko Saralegi, Joxean Etxeberria eta Oier Kañamares izango dira lanean. Azkeneko hirurak gaur Igantzin arituko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki beharko ditu. Horretan, askoren ustez, txapela lortzeko faboritoa Mieltxo Mindegia izango da. Lana ere gaurkoa baino handiagoa izango da. Urrezko Kopa ere, gaur Deustun Aizkorako asteburu hau Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketarekin osatuko da. Gaur izango da Bilbon, Deustu auzoko San Pedro plazan jokatuko baita 12.30ean hasita. Bertan Ugaitz Mugertza eta Luix Txapartegi neurtuko dira, eta aizkolari bakoitzak hamarna kana-erdiko ebaki beharko ditu. Mugertza II.a aterako da irabazteko faborito. Mutrikuarra sasoiko dago, lortu berria baitu Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatzeko txartela, eta han aritzeko prestatzen ere arituko da, eta horrek irabazteko faborito nagusi bihurtuko du. Txapartegik, ordea, eskarmentu handia dauka, eta bera ere datorren larunbatean jokatuko duten Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketa prestatzen arituko da, bere helburu nagusia finalean izatea izango baita. Mutrikuarrarentzat aurreneko kanporaketa izango da hau, eta Aizarnakoarentzat, berriz, bigarrena, aurrenekoan Xabier Zaldua kanporatu baitzuen. J.L. KIROLARIAKEtxeberria II.a, Kañamares IV.a, Alkizalete II.a, Pellejero, Urteaga eta Saralegi neurtuko dira. Bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu.