03 OCT. 2016 Aizkora Etxeberriak jantzi du Hirugarren Mailako txapela Sunbillakoarekin batera, Oier Kañamaresek lortu zuen Euskal Herriko Bigarren Mailara igotzeko txartela. Jon LEUNDA Etxeberria II.ak irabazi zuen herenegun arratsaldean Igantzin Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela, eta berarekin batera Oier Kañamaresek eskuratu zuen datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko aukera. Jende asko batu zen Igantziko pilotalekuan finala ikusteko irrikaz. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Etxeberria II.a faboritoen zerrendan zegoen, baina kanporaketetan finalean izan ziren sei aizkolarien artean oso tarte txikiak izan ziren, eta ondorioz zer gertatuko ote zen zalantza ugari zegoen. Finala oso polita izan zen, dotorea, eta emozioz betea. Izan ere, azkeneko kolpera arte ez zen erabakita geratu bigarren postua, eta horrek jendea erne mantendu zuen amaierara arte. Etxeberriak lan bikaina egin zuen, eta apurka-apurka joan zen aldeak egiten, nahiz eta amaiera arte ez zuen lasaitzerik izan. Azken-aurreko enborrerako ikusi zen txapela lortuko zuela, eta orduan arreta bigarren posturako geratu zen. Izan ere, bigarren sailkatuak ere Bigarren Mailara igotzea lortzen zuen, eta ondorioz interes handia zeukan. Kañamares eta Urteaga batera joan ziren, eta amaieran bi segundo pasatxoko aldea besterik ez zion atera nafarrak gipuzkoarrari, eta ondorioz Kañamaresek lortu zuen mailaz igotzea, eta Urteagak beste urte batez itxaron beharko du. Laugarren posturako ere dema polita izan zuten Alkizalete II.ak eta Eneko Saralegik. Horretan ere tarte txikia izan zen; 16 segundoko aldea baino ez zuen atera Asteasukoak postua lortzeko. Sailkapena, berriz, Pellejerok itxi zuen. Aresokoak ez zuen bere egunik onena izan, eta ia hasieratik geratu zen azkeneko postu horretan. 14 minutu eta 15 segundo behar izan zituen Etxeberria II.ak lan guztiak burutzeko. Atzetik, Kañamares IV.a (14.45), Urteaga (14.48), Alkizalete II.a (15.37), Eneko Saralegi (15.53) eta Pellejero (16.30) sailkatu ziren.