Bergarako ikastolak eta herriak, eskuz esku, demaseko jaia ospatu dute
Bergarako herritik sortu zen 1971n Aranzadi Ikastola, eta herriarekin antolatu du ikastolak 2016ko Kilometroak jaia. Egun ederra bizi izan zuten atzo Debagoieneko txoko horretara gerturatutako milaka eta milaka lagunek. Demasa izango zela iragarri zuten eta halaxe izan zen. Oñatiko txantxikuek hartu dute lekukoa.
Aranzadi ikastolak une gogoangarri asko bizi izan ditu sortu zenetik gaur arte igarotako 45 urteetan baina, dudarik gabe, atzoko egunak ohorezko lekua izango du horien zerrendan. Demasa izango zela hitzeman zuten Kilometroak 2016ren antolatzaileek, eta demasa izan zen Bergaran jazotakoa. Eguraldi ederra, giro itzela eta une hunkigarriak; denetarik izan zuen Gipuzkoako ikastolen.
Bergarako herrigunean barreiatutako bost kilometroko ibilbidea ireki aurretik, ekitaldia egin zuten ikastolan, umorea eta zirrara parez pare jarri zituen ekitaldia. Lehenaz asko daki Mikel Laskurain aktore bergararrak, eta Maddi Mujika aurkezleak lagunduta irribarre franko lorarazi zituen. Bestetik, aurtengo Kilometroak herritarren ekarpenekin eta lanarekin egindako ekimena izan dela irudikatu nahi izan zuen Aranzadi ikastolak, eta horretarako hainbat herri eragileren artean “Demasa” irudia osatu zuten. Horiek hala, Lokatza Ziklismo Eskola, Bergarako Erraldoi Taldea, Aspace, San Joxepe erretiratuen elkartea, Taila Eskola, Blai-blai prozesua, Beart Bergarako Artisten Elkartea eta Zeramika Elkarteak beren ekarpena egin zuten irudia osatzeko, eta Aranzadiko lehendakari Aitziber Lopez de Aretxagak jarri zion azkeneko D beltza. Ikusgarri.
Eskerrak herriari
Lopez de Aretxagak berak, hitza hartzean, gogora ekarri zuen bere bidean Aranzadi Ikastolak «herritarrak eta herri eragileak» izan dituela bidelagun, «eskuz esku, elkarlanean». «Benetan diotsuet demasekoa izan dela eta bihotzez eskertu nahi dizuet egindako ahalegin guztia, zeren herria biziko bada, herritarren inplikazioa ezinbestekoa da», gaineratu zuen lehendakariak.
Aitzitik, berbaldian Bergarako Udalak jarritako zailtasunak agerian utzi zituen, eta honako hitzekin egin zuen: «Inplikazio honek erakunde publikoen laguntza ere eskatzen du. Ezer gutxi egingo dute herritarrek erakunde publikoak atzetik ez badaude eta ezer gutxi egingo dute instituzioek, herritarren inplikaziorik gabe. Berriz ere herritarrok erakutsi duzue desberdinen arteko auzolanerako ekimena. Aldiz, horrelako jaietan ezohikoak izan diren eskabide burokratiko eta gehiegizko teknifikatzeak, herria eta Udala eskutik joatea zaildu dute».
Hitz horiek entzun zituen Elena Lete Bergarako alkateak bertan zela, eta berak ere hitz egin zuen, bertaratutakoei ongi etorria emateko eta Euskal Herriko ikastolen elkarteari eta Aranzadi ikastolari eskerrak emateko. Cristina Uriarte, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, bere aldetik, Imanol Urbieta zendu berria izan zuen gogoan lehen-lehenik, eta horren ostean Euskal Hezkuntza Lege berria premiazkoa dela azpimarratu zuen: «Euskal Hezkuntza Lege berri bat zor diogu euskal gizarteari. Adostasunean, elkarlanean, elkarrenganako enpatian eta hezkuntzari zor diogun errespetuan oinarrituta».
Jose Luis Elkororen hitzak
Baina eguneko lehen ordu horiek eman zuten beste une hunkigarririk, hala nola, Aranzadi ikastolak 1970ko hamarkadako herri eragileak omendu zituenekoa. Alkartu Nai eta Promocion Cultural elkarteak izan ziren omenduak, eta Jose Luis Elkoro, Bergarako alkate izandakoak eta Regino Vallek jaso zituzten oroigarriak elkarte horien izenean. Elkorok, urte luze hauetan joandakoak gogoan izan ostean, urte horietan Bergaran «auto-eraketa eta auzolan ariketa ausarta» egin zela nabarmendu zuen, eta «garai historiko eta aberatsa» bizi izan zutela azaldu zuen.
Ekitaldiak bukatuta, jendea ibilbidean barreiatu zen, herrian zehar antolatutako bost guneak leporaino betetzeraino. Eskaintza, zinez zabala, eta besteren artean Doctor Deseo euskara hutsean entzuteko parada izan zuten gerturatutako milaka lagunek. Eta gainera, Ze Esatek!, Skakeitan, Sorkun, Anari, Emon, Anje Duhalde, Irrien Lagunak, magia, akrobaziak, ipuin kontalariak... ez ahazteko modukoa; demasa.