10 OCT. 2016 KIROLA Tubo gutxi baina ikuskizun ederra aurten ere Hossegorren Itsasoak Landetan ohikoak diren tuboak eskaini ez baditu ere, munduko surflari hoberenak ikusteko aukera paregabea izan da joan den asteburuan Hossegorren. Datozen orduotan izendatuko dira txapeldunak, baina ranking orokorretan aldaketa gutxi izango da. Última actualización: 10 OCT. 2016 - 06:52h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Munduko WSL itzulia azken txanpan da. Gero eta gutxiago falta da aurtengo irabazleak nortzuk izango diren jakiteko. Nesken kasuan Hossegorrekoa aurtengo itzuliko azken-aurreko txapelketa da eta mutilen kategorian, berriz, Hossegorrekoaren ostean beste bi txapelketa baino ez dira falta. Asteburu luze baten ostean nesken zein mutilen kategorietan finalerdietara iritsi ziren Hossegorren atzokoan eta, ziur aski, gaur bertan egingo dituzte azken txandak. Horrela bada, Hossegorreko irabazleak zeintzuk izan diren eta aurtengo munduko titulua lortzeko aukera gehien duten lehiakideak nortzuk diren jakin ahal izango da. Urtero bezala, ikuskizun ederra izan da egunotan Landetan, baina ez da nahi bezalako olaturik izan. Hossegorren ohikoak diren olatu borobil eta indartsuak falta izan dira. Ikusleek ez dute izan hondartzatik oso gertu lehertzen diren tubo erraldoiak ikusteko aukerarik. Hala ere, lehiakideek ederki bete zuten olatuek utzitako hutsunea. Roxy Pro France Nesken munduko itzulia, Women’s Championship Tour delakoa, hamar txapelketak osatzen dute eta Hossegorrekoa azken-aurreko txapelketa da; ikusmin handia dago, beraz. Oso esanguratsua izan zen atzokoan finalerdietan ziren lau lehiakideak nortzuk ziren ikustea. Hain zuzen ere, nesken Top 16 rankingeko lehen lau postuetan zeuden eta egun oraindik jarraitzen duten lau surflariak iritsi ziren finalaurrekoetara. Tyler Wright rankingeko buruak, rankingean laugarren postuan den Tatiana Weston-Webb hawaiiarra izango du aurkari gaur. Bestalde, bigarren postuan zen Courtney Conlogue amerikarrak, hirugarren postuan zen Carissa Moore hawaiiarrarekin itsasoratu beharko du. Tyler Wrightek Hossegorren irabaziz gero, munduko titulua eskuratzeko aukera izan zezakeen, baina horretarako rankingean lehen postuetan ziren gainerako lehiakideek oso emaitza txarrak izan beharko zituzketen, baina ez da hala izan. Finalerdietara iritsi diren lau lehiakide hauek gutxienez 6.500 puntu eskuratuko dituzte Hossegorreko lehiaketaren ostean. Bigarren postuan geratzen denak 8.000 puntu eta lehen postua eskuratzen duenak berriz, 10.000 puntu. Datu hauek kontuan hartuta, txapelketa honen ostean Tyler Wrightek rankingeko buru izaten jarraituko du, egun 61.450 puntu baititu. Bere atzetik, bigarren postuan den Courtney Conloguek, berriz, 56.200 puntu ditu; beraz, amerikarrak txapelketa irabaziko balu ere ez luke rankingeko lehen postua eskuratuko. Txapelketa honetan jokoan dagoena hau da: aurtengo itzuliko azken txapelketara lehiakideak zenbat puntu bilduta iristen diren. Azaroa amaieran Hawaiiko Maui irlan egingo den zirkuituko azken txapelketan jakingo dute lehiakideek datorren urtean berriz ere lehen mailan jokatzeko behar adina puntu lortu dituzten edo euren lekua beste norbaitek hartuko duen. Aurtengo titulua eskuratzeko aukera gehien duten lehiakideak lehen bi postuetan dauden surflariak dira, besteengandik puntu mordoak bereizten baititu; beraz, Hossegorren egun rankingean bigarren postuan den Courtney Conloguek irabazten badu, munduko titulua eskuratzeko lehia bera eta Tyler Wrighten artean geratuko da. Horrela ez bada eta bietako inork ez badu Hossegorreko txapelketa irabazten, egun lehen postuan den Tyler Wright australiarrak munduko titulua lortzeko aukera gehiago izango du, gainerako surflariei puntutan alde handia aterako baitie. Medina vs Florence Mutilen kasuan, gauzak lausoago daude. E dago batere argi aurtengo titulua nork irabaziko duen, baina pixkanaka titulua eskuratzeko aukera duten lehiakideen zerrenda murriztuz doa eta, nesken kasuan bezala, bi dira behin eta berriz errepikatzen diren izenak, John John Florence eta Gabriel Medina. Izan ere, oraintxe bertan rankingeko lehen bi postuetan dauden lehiakideak dira Medina eta Florence, eta horien atzetik hurrengo postuetan dauden lehiakideek Hossegorren izan dituzten emaitza txarrak kontuan hartuta beste lehiakideekiko tartea handituz doa. Egun hirugarren postuan den Matt Wilkinson australiarrak esate baterako, urte hasieran rankingeko lidergoa zuen, bazirudien 2016ko txapela eskuratzeko aukera gehien berak zuela, baina zirkuituak aurrera egin ahala jaisten hasi da eta bi txapelketaren faltan lehen postutik gero eta urrunago dago. Matt Wilkinsonekin batera, bigarren errondan kaleratuak izan ziren Kelly Slater, Jordy Smith eta Joel Parkinson; alegia, justu hurrengo postuak betetzen zituzten surflariak. Horrek esan nahi du Hossegorreko txapelketaren ostean hirugarren eta seigarren postuen artean ziren lehiakideek behera egin dezaketela eta horien atzetik zeudenek, gora. Modu horretan lehen bi postuetan dauden eta gaur finalerdietan izango diren Florence eta Medinak gainontzeko lehiakideengandik abantaila hartuko dute. Oraindik ez da itzulia amaitu, ordea. Hossegorren erabakiko da itzuliko bederatzigarren txapelketa nork irabazten duen eta horren ostean beste bi txapelketa falta dira aurtengo denboraldia amaitzeko. Finalerdietan bi hawaiiar izango dira buruz buru, John John Florence eta Keanu Asin gaztea. Bestetik, Gabriel Medina brasildarrak eta Kolohe Andino estatubatuarrak lehiatu beharko dute. Olatu txikiak espero dira, metro ingurukoak; hortaz, txapelketa gaur egiten bada, aireko ikusgarrienak egiten dituenak irabaz lezake txapela. TUBOAK FALTA Ikuskizun ederra izan da Landetan, baina ez da nahi bezalako olaturik izan. Hossegorren ohikoak diren olatu indartsuak falta izan dira, baina lehiakideek bete dute hutsune hori. ABANTAILA HARTU Hossegorreko txapelketaren ostean egun rankingeko lehen bi postuetan dauden eta gaur finalerdietan izango diren Florence eta Medinak abantaila hartuko dute.