GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Mieltxo Mindegiak egin du aurrera Urrezko Kopan

Zubietako aizkolariak 50 segundo kendu dizkio Eneko Otañori Beizaman jokatutako kanporaketan.


Mieltxo Mindegiak mendean hartu zuen Eneko Otaño Beizaman jokatuko Urrezko Aizkorako Kopan, eta Zubietakoa izango da hurrengo kanporaketan arituko den aizkolaria.

Ikusmina bazuen norgehiagokak. Pasa den martxoan elkarren aurka neurtu ziren apustu batean, eta orduan Beizamakoak irabazi zuen saio bikain baten ostean. Pasa den astean ere Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketan lehiatu ziren bi aizkolariak, eta orduan ere Otaño izan zen garailea eta Mindegia bigarrena. Atzokoan, ordea, nafarra izan zen onena. Biak berriro ere hemendik bi aste eskasera neurtuko dira Euskal Herriko Bigarren Mailako finalean, eta hango faboritoak ere beraiek izango dira.

Aizkolari bakoitzak hamarna kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Neurketa estua izan zen. Bi aizkolariak saiatu ziren helburua lortzen. Aurreko emaitzak ikusita, eta kontuan hartuta saioa Beizaman zela, hau da, Eneko Otañoren etxean, bera zen faborito, baina Mindegia ez zen atzera geratzeko joan eta saio ona eskaini zuten.

Azkenerako nafarrak ihes egin zuen, eta berak eraman zuen garaipena. Lan guztiak burutzeko 24 minutu eta 4 segundo behar izan zituen, eta Eneko Otañok, berriz, 24 minutu eta 54 segundo. Guztira 50 segundoko tartea egon zen.

Urrezko Kopako kanporaketaz gain, Urrezko Harri-jasotzaileen dema bat ere egon zen, eta hori ere saio oso ona izan zen, emozioz beterikoa. Azkenean Goenatxo III.ak irabazi zuen. Guztira 29 jasoaldi lortu zituen, eta Aranburuk, berriz, bat gutxiago egin zuen.

Kirolari bakoitzak 150 kiloko harri errektangularra, 113ko kubikoa eta 110eko bola erabili zituen. Harri bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, bina minutuko txanda bana izan zuten. Jendeak emozioa eskatzen du beti amaierara arte, eta hemen horixe ez zen falta izan. Hiru harri eta gero jasoaldi batek erabakitzea ez baita erreza izaten. Goenatxo III.ak egin du aurrera.