Andoni ARABAOLAZA
Entrevista
LUIX MARI ZULAIKA
EHU-KO IRAKASLEA

«Mendizaletasunaren egoera kezkagarria da, baina garaiz gabiltza neurriak hartzeko»

Gipuzkoako Mendi Federazioak bultzatuta, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakasle zarauztarrak «mendizaletasuna sustatzen haurren artean» egitasmoa argitaratu berri du. Datu objektiboetan oinarrituta, Zulaikak argi du mendiko ekimen ezberdinetan haurren parte-hartzea nabarmen jaitsi dela. Eta egoera latz zein gordin hori irauli ahal izateko, ehun neurri proposatu ditu.

Egindako ikerketa-txostenean, ikusten da Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatzen duen Eskola Mendi Egitarauko ekitaldietan haurren (batez ere 12 urtetik aurrerakoen) parte-hartzea nabarmen jaitsi dela. Hasteko eta behin, esan daiteke alarma gorria piztu dela? Kezkatzeko moduko datuak dira? Gizartearen aldaketak direla medio, nolabaiteko trantsizioan gaude?

Zalantzarik gabe, egoera guztiz kezkagarria da. Gure gizartea eta bizimodua abiadura bortitzean aldatzen ari da; gero eta sedentarioago eta urbanitas-ago [hiritartuago] bihurtzen ari gara. Aisialdirako, badirudi aukera sedentario eta artifizialak bakarrik eskaintzen dizkiegula haurrei. Galera handia litzateke naturarekin eta ama lurrarekin izan dugun lotura atzean uztea, bizkarra ematea; ingurumena eta izadia baloratzen ez ikastea.

Datu objektiboei erreparatuta, Eskola Mendi Egitarauan ateratako emaitzak dituzue oinarri. Hiru zutabe ditu programa horrek: Mendi Lehiaketa, Ibilaldi Neurtuak eta Finalisten Eguna. Horiek guztiak asteburuetan egiten dira. Mendia Ezagutu, berriz, eskola orduetan. Jasotako datu guztien artean, zeintzuk azpimarratuko zenituzke?

Eskola ordutegi barruan eskainitako jarduerek asteburuetakoek baino erantzun hobea jasotzen dute. Eskaladarako hasiera eta gelako lagun guztiekin batera nahiago dituzte.

Mendi elkarteek haurrentzat antolatzen dituzten irteeretan eta gurasoek seme-alabekin egiten dituztenetan ere joera hori antzematen al da?

Mendi Lehiaketa jardueran sartzen dira elkarteek eta klubek (askotan ikastetxeekin elkarlanean) antolatutako irteerak. Beraz, jaitsiera nabarmena dute. Gurasoekin eta familiarekin bere kabuz mendira irteten direnak ez dira inolaz ere egoera hori konpentsatzeko adina.

Datu horiek guztiak aztertu eta hausnartu ondoren, hainbat ondorio atera dituzu. Joera negatibo horrek jarraipena izan dezakeela ikusten al duzu?

Inplikatutako erakunde eta kolektibo guztiak elkarlanean buru-belarri helburu honekin hasten ez bagara, benetan zaila ikusten dut egoerari buelta ematea. Haurren artean zabalduta dauden modak eta balio eskalak aldatzea ez da lan batere erraza.

Alabaina, haurren arteko hutsune horrek mendizaletasunari etorkizunean eragin diezaioke? Eta hori galdetu dizut, mendian gero eta jende gehiago ikusten delako.

Joera honi irtenbiderik topatu ezean esan daiteke mendizaletasuna gure artean kinka larrian egon daitekeela. Federatutako fitxa edo lizentzia gehien dituen modalitatea gara; baina gazteenen artean atzetik datorren joera aldatu ezean, urte batzuk barru egoera guztiz bestelakoa izango da.

Mendizaletasuna asko aldatzen ari da, eta haren inguruan dauden adarretan, eskalada kasu, ikastaro piloa antolatzen da eta haurren artean nolabaiteko arrakasta izaten ari da. Agian, onartu behar dugu mendia kirol bezala aldatzen ari dela?

Normala den bezala, eta beste jarduera guztietan gertatzen den eran, gizartea aldatuz doan neurrian mendizaletasuna ere hala doa. Mendiak aukera desberdin ugari eskaintzen ditu eta bakoitzak bilatu behar du horien artean zein den bera gehien asetzen duen jarduera. Baina haurren kasuan mendizaletasunerako sarrera, hastapena edo abiapuntuko oinarria dena (oinez ibiltzea), erabat ahulduta dabil; eta egoera horrek mendiko beste modalitate guztiak baldintzatuko ditu etorkizun hurbilean neurririk hartzen ez badugu.

Txostenean, jaitsiera horren erantzule honakoak aipatzen dituzu: gizartea, gurasoak, hezkuntza, erakundeak … Uste duzu erantzukizun handiena erakundeek dutela? Izan ere, zuk ateratako ondorioetan aipatzen da Foru Aldundiak eta Udalek legea ez dutela betetzen; urratu egiten dutela, alegia.

Ekimen honen helburua ez da belarritik tiraka hastea, baizik eta denak mendiaren onurez jabetzea eta elkarlanean hastea joera hau aldatzeko. Ikerketa honetan bildutako informazioaren arabera, oso zabaldua dago umeen kirol teknifikazio saioek egutegiak ez errespetatzearen kontua. Larunbatero beren eskolarekin partida izateaz gain igande guztietan ere klubarekin izatea gehitxo litzatekeela deritzogu. Gure haurrek familiarekin, lagunekin eta aisialdiko beste jarduerak egiteko aukera ere izan behar luketela uste dugu; teorian paperak legez dioen bezala.

Beste erantzule horiei, zer aurpegiratuko zenieke?

Esan bezala, legearen aurka haurren igande guzti-guztiak entrenamendu saio eta lagunarteko partidaz betetzen dizkieten antolaketa horiek amaitu egin beharko lirateke, zentzuzko kopuruetara mugatuz.

Hedabideok ere zure kritikaren zati gara. Zer egiten dugu hain gaizki? Ze ardura dugu zuk aipatutako errealitate horretan?

Garbi utzi nahi dut txosten honetan kaleratutako ideia gehienak ez direla pertsonalak (nik asmaturikoak), baizik eta ikerketan parte hartu dutenen gehiengoarena baizik: mendi elkarteetakoak, eskoletako koordinatzaileak, gurasoak... Zehatz-mehatz, komunikabideei dagokionez, oro har bat zetozen aipatzerakoan mendiaren ikuspegi sentsazionalista zabaltzen dela: istripuak, zortzimilakoak, morboa… Eta ez mendiaren onurak, denen eskura dauden ibilbide politak eta zaletasunera animatzeko ikuspegia…

Bestalde, haurren artean mendizaletasuna sustatzeko 100 neurri proposatu dituzu. Guztiak ala guztiak erakundeei zein kolektiboei zuzenduta daude. Hitz gutxitan, arazo politiko hori nola konpondu daiteke?

Ezinezkoa litzateke lerro batzuetan txosten mardul honen sintesia burutzea. Baina, oro har, saiatu naiz mendizaletasunak dituen onurak eta ekarpenak nabarmentzen, hainbat ordezkari eta arduradun jabetu daitezen jarduera honek duen garrantziaz eta potentzialaz. Ea jarrera aldatu eta mendizaletasuna sustatzeko neurriak hartzera animatzen diren: zuzendaritza taldeak, ikastetxeak, gurasoak, politikariak …

Argi dago beste kirol batzuekin alderatuta mendia ez dagoela kirol nagusien (futbola, saskibaloia…) artean, eta uste duzu erakundeetatik saio bat egin behako luketela nolabait parez pare jartzeko. Hortaz, horretarako, diskriminazio positiboa bultzatuko beharko lukete?

Maila berean egotera iristea ameskeria litzateke. Baina uste dut beraien betebeharra litzatekeela erronka horri heltzea. Gure eskola kiroleko ereduaren ezaugarria zera izan da: modalitate desberdinen arteko oreka eta harmonia bilatzea, parte-hartzea sustatzea, ikuspegi hezitzailea indartzea, adin goiztiarretan gutxi batzuen errendimendura ez mugatzea. Mendiak dituen onuren jakitun izanik, estrategikotzat jo beharko litzateke eta dagozkion neurriak bultzatu.

Aipatzen duzu mendia kirol ezberdina dela; berezia. Hala ere, asko aldatzen ari da; hots, gero eta adar gehiago daude eta gero eta lehia gehiago ikusten da. Agian, lehiak haur gehiago erakar lezake. Hori gertatuz gero, aipatu dugun berezitasun hori hautsiko litzateke. Zeren alde egingo zenuke?

Lehiakortasunik ezaz gain mendiak berezitasun eta aberastasun ugari ditu. Bere eskaintza hain anitza izanik (modalitate desberdinak), motibazio desberdinak ase ditzake. Lehiazaleak direnentzat ere aukerak izatea ez dago gaizki.

Gai horri lotuta diozu mendiak ez duela prestigio sozialik. Mendizaleak ezberdinak bagara (kirol berezia bada), zergatik behar dugu hori? Uste duzu futbolean haurrek Messi, Ronaldo eta enparauen erreferenteak dituzten bezala, mendizaletasunean ere behar dituztela?

Gaur egungo haurren artean idolo horiek sortzen duten miresmena erabatekoa da. Horri aurre egiterik ez dago, eta zerbait pentsatu beharra dago haurrentzat mendia erakargarria bihurtzeko. Mendizaletasunak dituen altxorrak saltzen asmatu behar dugu, baina lehendabizi arduradun eta gurasoen artean.

Mendizaletasunak bezala, kirol guztiek onurak dituzte. Beraz, zergatik bultzatu behar ditugu haurrak mendirako bidea har dezaten?

Kirol guztiek dituzte beraien onurak eta balio hezitzaileak garatzeko aukera, dudarik gabe. Kiroldegi bateko lau hormen barruan garatu ezin daitezkeen aberastasun asko jorratu daitezke natura librean. Gure eskola kirolaren eredua saiatu da modalitate guztien arteko elkarbizitza, oreka eta harreman egokia bermatzen. Baina neurririk hartzen ez badugu, gerta daiteke kirol nagusi gutxi batzuek beste guztiak itotzea, desagerraraziz.

Euskal Herriak mendiarekin duen lotura oso indartsua da. Beharbada horregatik ezin da gutxietsi aipatzen ari garen krisi hori?

Hala da, uste dugu gure kulturak, tradizioak, ondareak … asko galduko lukeela naturarekin duen antzinako harreman hori etengo balitz. Mendizaletasunaren onurek eremu asko zipriztintzen dituzte: osasuna, bizi kalitatea, heziketa, balioak, ingurumenarekiko ikuspegia, garapen eredua… Uste dugu oraindik garaiz gabiltzala neurriak hartzeko. Ez ote dugu aukera galduko!