Umore europarra
Txinatar begi urratu batzuk, txinatar fistro batzuk, ahoan purutzarra eta ezkerretik eskuineranzko orrazkera dutela, Europara etorri dira. ‘Kaixo, txinatalak gala, hau Blusela al da’». Publikoaren barre-algarak Günther Oettingerren saioa moztu zuen. Txaloak bukatu baino lehen, ordea, ekin zion hurrengo txisteari, valoirik kanpora bota gabe, horretarako gogorik falta ez zuen arren: «Larreko bekatariok, komunistek kudeatzen duten mikroerregio bateko txarri ostiok Europa osoa blokeatzea ezin leike onartu», jarraitu zuen, publikoak berriro, barrez lehertzeko zorian, moztu baino lehen. Bi egunen buruan, barkamena eskatu zuen Baden-Wurttembergeko Txikito EBko Ekonomia eta Gizarte Digitalerako komisarioak, txiste jator horiek zenbait mizkin haserretu zituztelako, Txikitok ez zuela inor iraindu nahi esana zuen arren. Haren hitzak «familiarteko hizkeran» kokatu behar omen dira. Publikoa, lagunartea, familia, Hanburgoko patronala zen. Langileekin elkartzen denean, bestelako hizkera erabiltzen du, nonbait.
Alfonso Alonso biktima guztiak oroitzearen aurka agertu zen herenegun. «Terrorismoaren biktimek» berariazko egun bat izan beharra aldarrikatu zuen, «haien heriotzaren eragileen erantzukizuna desagertzea saihesteko». Ez da txistea, eta izango balitz ere, alemana nahiago dut. Edo Rafael Hernando PPko eleduna. Atzo, Kanpo ministro berriak eta erregeak datorren astean Saudi Arabiara egingo duten bidaiaz galdetu ziotenean, hauxe erantzun zuen: Espainiak mundu osoan giza eskubideak babesteko eta legeak bete ditzaten interes berezia du. Bitartean, Katalunian batzuek ez dute indarreko legedia betetzen». Polagloriademimadre!