03 DIC. 2016 Aizkora Rekondok eta Mindegiak finalerdiak jokatzeko txartel bat izango dute jokoan J.L. Urrezko Aizkorako Kopako final-laurdenetako kanporaketa jokatuko da bihar Leitzako pilotalekuan, 12.00etan hasita. Bertan izango dira aurrez aurre Mieltxo Mindegia eta Jon Rekondo. Garaipena lortzen duen aizkolariak finalerdiak jokatzeko txartela lortuko du, eta hori Zarautzen izango da abenduaren 18an. Urrezko Harri-jasotzaileen lehiaketan ere finalerdietan izateko txartel bat egongo da jokoan, eta hori ere Leitzan izango da aizkolariekin batera. Saio honetan Joseba Ostolatza eta Xabier Peñagarikano neurtuko dira. Hemengo irabazleak ere hurrengo kanporaketa, kasu honetan finalerdia, jokatuko du Zarautzen abenduaren 18an. Sokatira Asteasu ere protagonista izango da bihar, 11.30ean bertako pilotalekuan jokatuko baita Euskal Herriko Lauko Txapelketako saioa. Mutilak 300ekoan lehiatuko dira, eta neskak, berriz, 260koan. Mutilak bi multzotan banatuta arituko dira. Batean, Beti Gazte A, Ibarra A, Murueta A, Txantrea, 6 Conceyos eta Berriozar lehiatuko dira, eta bestean, berriz, Ibarra B, Beti Gazte B, Murueta B, Kaskailueta, Uztaritze eta Ñapurrak. Nesketan, berriz, Ibarra, Bizindar, Badaiotz, Txantrea, Berriozar eta Uztaritze neurtuko dira. Maila honetan, Badaiotz izan zen lehen jardunaldiko talderik onena.