J.L.
Aizkora

Aitzol Atutxa da Urrezko Aizkolarien Kopako lehen finalista

Aitzol Atutxak eskuratu zuen atzo Urrezko Aizkolarien Kopako finala jokatzeko aurreneko txartela. Kirolari bizkaitarra da egungo txapelduna, eta aurtengoa irabazteko ere prest agertu zen atzoko finalerdian. Hasteko, behintzat, aurreneko pausoa eman du Ugaitz Mugertza mendean hartuta.

Aizkolari bakoitzak hamabina kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta txapelduna jaun eta jabe izan zen hasieratik bukaerara. Hasierako bi kana-erdikoetan parean ibili ziren, nahiz eta beti Atutxa segundo bat edo bi aurretik ibili. Hortik aurrera, aldea handitzen joan zen, eta lan erdietan minutu eta erdiko tartea zeukan alde. Hortik aurrera oso ongi kudeatu zuen aizkolari bizkaitarrak zeukan aldea. Lan guztiak burutu ahal izateko, 32 minutu eta 22 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak, eta 35 minutu eta 15 segundo, berriz, Ugaitz Mugertzak.

Izeta II.ak, berriz, Urrezko harri-jasotzaileen finala jokatzeko txartela eskuratu zuen, aurreikuspen guztiak betez. Eizagirre aparteko arazorik gabe menderatu zuen aiar beteranoak. Bakoitzak 150eko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanean aritu ahal izateko bina minutuko txandak izan zituzten, eta aiarrak ez zuen barkatu.

Izeta II.ak 12, 17 eta 21 jasoaldi eman zizkien aipaturiko hiru harriei, denera 50 jasoaldi lortuz. Eizagirrek, berriz, 8, 14 eta 17 jasoaldi ematea lortu zuen, guztira harria 39 aldiz bizkarrean berdinduz.