Tabuak desegiten
Sekula ez dut ahaztuko nerabezaroko lagun on batek kontatu zidanean, hogeita hamasei urte eta odolean litroka alkohol genituela, sexu-abusuak jasan zituela orduan aitarengandik. Orduan, egunero gurekin ibiltzen zen garai hartan; txorakeriez berriketan orduak eta orduak ematen genituen egunetan; mutilekin ganorazko arrazoi barik zakar-zakarra zelako zirikatzen genuenean… Haren hitzek eta malkoek sekulako kolpe fisikoa eman zidaten bihotzean, eta oraindik ez zait desagertu, ezta desagertuko ere, erruduntasun-sentimendua. Berari bezala.
Izan ere, nolatan ez ginen inor konturatu halako zerbaitez! Nolatan ez ni, behintzat, niri adierazten baitzizkidan piper egiten genueneko gure bakardadean, eta orduan baino ez, aitari zion amorrua eta amari zion herra. Ganorazko arrazoirik gabea, gehiegizkoa, horixe pentsatu ohi nuen nire kolkorako, ustez lekuz kanpoko sentimendu haien iturria, sentitu benetan sentitzeko zergatia, ezagutzeko ahaleginik egin gabe. Lanpetuegi egongo nintzen nire hamasei urteko zilborrari begira, eta beno, bai, orduan oraindik ez nekien gerora ikasi dudan moduan lerroartekoari behar bezala erreparatzen… baina, batik bat, halako izugarrikeriarik familia barruan gerta zitekeenik burutik pasa ere ez zitzaidan egiten. Ez niri, ez horretatik libratu ginen guztioi. Orduan, indarkeria oro, eta sexuala bereziki, munstro arrotzen eskutik etortzen zen, kale-kantoi estuetan eta gau bete ilun-ilunetan, baina sekula ez etxeko epeltasunean, gure lau pareten arteko segurtasun sakratuan. Hortxe, familiartean, oinaze eta ankerkeriatik libre bizi ginen goxo, eta guzti-guztiok.
Zorionez, jendarte-mailan, gero eta gehiago ari gara aldentzen ezjakintasunaren bide horretatik; orain, argiago ditugu indarkerien mozorroak, bai eta horiei eusten dieten egitura sozialak ere, eta haiek guztiak erorarazteko lanean dihardugu, tabuak mahai gainean jartzen eta behingoz desegiten, alegia. Prestatuago gaude errealitateari begiratzeko, agerian dauden sintomez ohartzeko eta hausnartzeko, loturak beldurrik gabe egiteko, eta heziago gaude, halaber, laguntza eskaintzeko, paralizatuta dagoena bakarrik ez uzteko. Garai bateko beste alde batera begiratzea, denon hobe beharrerako isiltasun inposatua, ezkutukeria… gero eta zailagoak dira egungo jendartean. Onartzen eta hitz egiten hasiak garelako. Zatarrena, izan badelako, agerian jartzen.