Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

«Udazken koloretan» bidea, Ezkaurreko proposamen berria

Arkaitz Yurrita eta Eneko Cesar dira egileak. 240 metro eta sei luze eginez, marra berriak zuzen-zuzen Pico Pastor-eko tontorrean duamaiera. Behetik zabaldu dute, izaera alpinoa du (SR3+) eta oso gogorra da. Luze zailena 8a+ gradukoa da; derrigorrez 7b da.

Duela pare bat aste bezala, Eneko Cesar beste bide berri baten proposamenarekin hurbildu zaigu. Aurreko jardunean Espelungan izan zen; bigarren honetan, ordea, Ezkaurren. Ingurumari berean, baina bi pareta ezberdinetan. Diferenteak dira ere Cesarrek alboan izan duen sokakidea. Ezkaurreko azken horretan Arkaitz Yurrita bidelagun izan du.

Eta ezberdina izan ez den eite azpimarragarri bat da Cesarrek eta Yurritak Ezkaurreko bidea sortzeko erabili duten estiloa: behetik hasita eta ahal diren parabolt gutxien sartuta. Hots, beste behin, kutsu alpinoko proposamena aurkeztu dute.

“Udazken koloretan” du izena, eta, krokisean ikusten den bezala, Pico Pastorreko tontorrera zuzen doa. 240 metro luze da, eta sei luze ditu. Zailtasun teknikoei begirada bat ematen badiogu, ohartuko gara zailtasunean oso iraunkorra dela. Graduan lehen luzea samurrena da (7a+), baina besteak ez dira 7b+ gradutik jaisten. Zailtasun horretako bi luze ditu, 7c eta 7c+ bana eta beste bat 8a+. Irakurtzen den bezala, beraz, kutsu alpinoko bide gogor baten aurrean gaude. Alabaina, aipatu behar da ere marra horren derrigorrezko gradua 7b dela.

“Udazken koloretan” harribitxiari forma osoa eman ahal izateko, bi eskalatzaileok lan eskerga behar izan dute egin. Lan handia egiteaz gain, hainbat faktorerengatik, jardun hori borobiltzea kosta egin zaie.

Cesarrek azaldu digu, zabaltzen hasi bezain laster, derrigorrezko geldialdia egin zutela: «Lehen luzea Christian Ravier eta Martin Eliasek zabaldu zuten. Aurrean zutena ikusita, ez jarraitzea erabaki zuten. Gu lan horri duela bi urte jarraipena ematen hasi ginen. Lehen egunean luze bat zabaldu genuen. Bigarren luzea sokaburu zabaltzen ari nintzela, orpoan min hartu nuen. Zorionez ez nuen puskatu, baina jaistea erabaki genuen. Arkaitzi hirugarren luzea egokitu zitzaion, baina erdia irekitzen ari zela jaitsi ginen. Soka finkorik ez genuen jarri; beraz, taktikoki gaizki ibili ginen. Horrek esan nahi du zabaldutako guztia berriro eskalatu behar genuela».

Oso fina

Bi protagonistok Ezkaurreko pareta eder horretan egiten ari ziren lanarekin oso motibatuta zeuden. Itzuli ziren, eta bi luze eta erdi zabaldu ondoren, Cesarrek bidearen giltzaren erdia ireki zuen: «Luze hori oso gogorra da. Nik erdia egin nuen, eta Arkaitzek beste txapa bat sartu ondoren berriro jaitsi ginen. Egun gogorra izan zen; izan ere, 3 graduko tenperaturekin jardun genuen. Egun horretan bi soka finko utzi genituen».

Nahiz eta orain dela pare bat urte “Udazken koloretan”-ekin hasi ziren, hainbat arrazoirengatik, iaz “huts” egin zuten eta amaiera aurten eman diote: «Aurten itzuli garenean, bi soka finkoetatik bat lurrean zegoen. Horrek esan nahi du zabaldutako luze guztiak berriro eskalatu behar genituela; gainera, luze oso exijenteak dira. Egun horretan 8a+ graduko luzea gauez amaitu genuen. Egun guztian bi txapa gehiago sartu eta bilera ekipatu genuen. Ondoren, falta ziren beste bi luzeak zabaldu genituen».

Eskalatzaileok pozarren zeuden eginiko lanarekin eta “Udazken koloretan” geratu den moduarengatik: «Txapak urruti daude, horregatik SR3+ eman diogu. Azken luzean ezker aldera behar izan genuen jo zuzen-zuzen ezinezkoa zelako. Aipatu behar dugu ere, pareta horrek asko merezi duela; zirku hori ikusgarria da oso. Bide gogorra atera zaigu, egun bateko saioan eskalatzeko gogorra. Asko eskalatu behar da, eta oso teknikoa. Batez ere plakak dira nagusi, nahiz eta 8a+ luzeak eroria duen».

Amaitzeko, Cesarrek adierazi digu Ezkaurreko hau Peña Montañesan zabaldutako “Piztu da piztia” bidearen (8b/b+) ahizpa txikia dela: «Bi bide gogor dira; trilogia bukatzea falta zaigu».