Maider IANTZI
Kazetaria
IKUSMIRA

Tirokatutako irudimena eta enpatia

Bilbao Arenako plaza handian, mikrofono soil baten aitzinean, istorioak asmatuko dituzte gaur zortzi bertsolarik. Jarriko dizkieten gaiei erantzunez, bertze pertsona batzuen azalean sartuko dira eta hainbat egoerari lotutako pentsamendu eta sentimenduak biluztuko dituzte. Egoera eta gai ezagunak izanen dira batzuk; sekula hausnartuko ez genituzkeenak bertzeak. Finalistetako batek, Jone Uriak, azaldu bezala, enpatia ariketa ederra da.

Gertakari hotzen aurrean, ipuinek enpatia garatzeko ahalmena dute. Eta, asmatuak izanagatik, egia hutsa dira.

Koloretako argiekin batera pizten da enpatia Eguberrietan, nahiz eta ez dakigun egiazkoa den. Bertze aunitzen gisan, nik ere harreman gatazkatsua dut data hauekin. Ohi baino nostalgikoago jarri eta negarra ateratzen zait. Ez zaizkit gustatzen derrigortutako opari, otordu eta bilkurak. Hipokrisia ere ez. Baina fantasia giroa bai.

Ze zaila den sortzea, deus imitatu edo moldatu gabe, inori hitzik lapurtu gabe. Gure irudimena tirokatua izan zen aspaldi. Baina mendi buelta bat ematean, edo ilargiak gure begiradari eusten dionean, edo ametsetan, edo gelditu eta begiratzeko denbora hartzen dugunean, bere xuxurla sumatzen dugu.

Ipuinek irudimena suspertzen digute. Kontakizun batean bete-betean sartzen garenean, inguruko jendea ere hala ikustean, sorginduta, ohartzen gara ze sendagarriak edo mingarriak diren hitzak, ze boteretsuak.

Egunkaria ere istorio liburu bat dela pentsatzea maite dut, mundua aldatzeko prestatzen gaituena.