Jon LEUNDA
Aizkora

Emakumezkoen Urrezko Kopa jokatuko da aurreneko aldiz, Donostian

Aurreneko aldiz emakumezkoen Urrezko Kopa jokatuko da gaur, 13.00etan, Donostiako Trinitate plazan. Bertan lau aizkolari izango dira. Aspaldian ez zen emakumezkoen lehiaketarik jokatu, eta gaur berriro ere izango da, eta pentsatzekoa da kopuru honek jarraitzen baldin badu, datorren urtean Euskal Herriko Txapelketa ere jokatzeko moduan izango direla.

Maika Ariztegi, Irune Izkue, Irati Astondoa eta Xanta Sousa arituko dira. Aurreneko hirurak ezagunak dira aizkora munduan. Xanta ere ezaguna da herri kirol munduan, txingekin ez baitauka aurkaririk, baina aizkoran lehen aldiz ikusi ahal izango da. Bakoitzak oin bateko bosna enbor erdibitu beharko ditu.

Donostian bakarrik ez, Bilbon ere izango da herri-kirol jaialdirik: Bizkaiko aizkolarien txapelketa jokatuko da mutiletan. Han ere 13.00etan hasiko da jaialdia, eta Areatzako tinglatuan jokatuko dute. Bertan, Aitzol Atutxa, Julen Mendieta, Aritz Irazabal, Xabier Garcia eta Bihurri lehiatuko dira. Aitzol Atutxa da faborito nagusia, eta zerbait gertatu ezean, txapela berarentzat izango da. Horrez gain, trontzalarien Bizkaiko finala ere jokatuko da leku berean, eta bertan Amade eta Arozena, Izpizua eta Zubizarreta eta Agirre eta Gisasola neurtuko dira.