GARA
DONOSTIA

Errauste plantaren lizitazioa, GuraSOSen bi errekurtsoen zain

Donostiako epaitegi batek astelehenean erabakiko du Zubietako erraustegiaren lizitazioa gelditzeko GuraSOS elkarteak egindako eskaerari buruz. GHK-k lizitazioa asteartean esleitzeko intentzioa du, eta epailearen erabakia bilera horren aurretik iritsiko da.

Errausketaren ondorioengatik kezkatuta dauden gurasoen elkarteak, GuraSOSek, iragarri zuenez, Donostiako administrazioarekiko auzietarako 3. epaitegiak datorren astelehenean, abenduaren 26an, erabakiko du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) lizitazioa eteteko eskaerari buruz.

Epaitegiak auzi hau kontsortzioaren batzarraren aurretik ebatziko du (astearterako deitu dute bilera). Honek asteleheneko 10.00ak arteko epea izango du lizitazioa eteteko eskaerari buruzko alegazioak aurkezteko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ere laster ebatziko du ingurumen baimenaren iraunaldia kautelaz eten edo ez. GuraSOSek GHK bertan lekukotzea eskatu zuen eta EAEko Auzitegiak ere hala izatea erabaki du.

«Kasu hauetan badago jurisprudentzia bat, zeinetan adierazten den Administrazioak ezin duela ekintza bat betearazteko akordioa hartu haren gainean kautelazko eskaera egina denean eta, hortaz, Auzitegiak edo Epaitegiak erabakirik hartu ez duenean», azaldu zuten ohar batean.

Horregatik, oraindik erabaki asko hartzeko gelditzen delako, GuraSOSek GHKri obren lizitazioa ez esleitzeko eskatu dio. Izan ere, diru galera handia ekarriko luke obrei oniritzia eman eta ondoren epaileek juridikoki horiek bertan behera uztea erabakitzeak.

«Alaba eta semeekin dugun erantzukizuna dela medio, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira eta Donostiako epaitegira jo dugu ingurumen baimenaren aurka eta lizitazioa eteteko», aipatu zuen GuraSOSek. Auzitara jo izanaren helburua osasuna bermatuko duen irtenbide adostu bat aurkitzea da. Horregatik nabarmendu zuten euren lehenengo aukera ez dela judiziala, eta nahiago dutela «gai hau elkarrizketaren bidez» konpontzea.

Bilerak, bide orria aurkezteko

Epaiketa prozesuekin denbora irabazten ari dira, ados jartzeko bidea aurkitu ahal izateko. «Gure ustez oraindik badago itxaropenerako aukerarik. Horregatik, gizarteari, eragile sozial eta politikoei adostasunerako prestutasuna eta hori lortzeko baldintzak jartzen laguntzea eskatzen diegu», esan zuten. Bitartean, bilera ugari egin dituzte jada eragile politiko, sindikal eta sozialekin.

Azken asteetan EAJrekin, EH Bildurekin, CCOOrekin, Steilasekin, ELArekin eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin bildu dira. Datozen egunetan, ordea, LABekin, PPrekin, PSErekin eta Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainarekin ere egingo dituzte topaketak.

Bilera hauetan, azaroaren 17an aurkeztu zuten bide orriaren berri ematen ari dira eragileei. Zehazki, zortzi puntu bildu dituzte, besteak beste: lizitazio eta kontratazio prozesuak geldiaraztea; osasun publikoan eta hondakinen kudeaketan aditu eta teknikari direnekin Aldundian mahai teknikoa osatzea; partaidetza bidezko hausnarketa prozesua abiaraztea; eta osasun publikoari eta ingurumenari berme gehien eskaintzen dizkion eta gizarte kohesioaren aldetik maila gorenak lor ditzakeen irtenbidearen bila aritzea.